Beasaingo Murumendi eskolan sukaldea egiteko proiektua abian da. Ikastetxe honetako obra Hezkuntza sailaren “2019-2023 Azpiegituren Plana” dokumentuan jasota dago. Egun catering sistema dauka Beasaingo eskola publiko honek. Jantokiaren ondoan dagoen atezainaren etxe zaharrean obra egin ondoren, sukaldea izango dute eskolan. Guzti honen berri izateko bertako zuzendaria (Karmele Arraiza Ruiz de Zuazo) elkarrizketatu dugu.

-Nola doaz sukaldeko obrak?

Aurtengo irailean ezagutu genuen proiektuaren lehen bertsioa. Lakuako arkitektoa eta sukaldeko proiektuaz arduratuko den arkitekto taldekoekin proiektu hau ezagutu genuen, ikasketa burua, office-ko langileak eta jangela arduraduna ere aurrean zirela, eta hainbat ñabardura kontutan hartzeko iradokizunak egin genizkien.

-Kasu berezia da zuena. Atezainaren etxea erabiliko duzue sukaldea egiteko. Azalduiguzu.

Eskolako eraikuntzaren barne dago atezainarena izandako etxebizitza. Hau orain dela 2 urte hutsik gelditu zen atezaina jubilatu zenean eta Udalak eskolaren beharretarako utzi zigun. Tailerrak, erakusketak, barruko jolasak,… edo aldian behingo ekintzak egiteko erabili izan dugu orain arte. Baina, bertako produktuen eta produktu ekologikoen aldeko bidean lehen hausnarketa ematen hasi ginenean, ikusi genuen etxebizitzaren kokapenak eta dituen neurriak oso egokiak zirela eta erraz uztartzen zirela gure nahiekin.

-Bide luzea egin duzue. Nola iritsi zarete honaino?

Eguneroko otorduak eskolan egiten ditugunon artean, sarri askotan hizpide izan ohi da jantokiko bazkariaren kalitatea.

Lehenengo gerturatzea elikaduraren inguruko jardunaldi batzuetara joanda izan zen. Han ezagutu genituen Bidezko Elikadurako kideak, EHIGEkoak,… Ondoren, Bilbon izan ginen, Gure Platera Gure Aukera plataformakoek deituta. Bilbon antolatu ziren Gozo topaketetan ere egon ginen. Egia esateko, aldiro aldiro, bidea irekitzen joan zitzaigun eta gogotsu heldu genion erronka berri honi.

Eskola mailan Plan estrategiko eta integrala garatu genuen. Bertan, ardatza ikaslea izanik, elikadura osasungarriaren eta jasangarritasunaren garrantzia azpimarratzen genuen, hainbat irizpide uztartuz: elikaduraren garrantzia osasunean, lehenengo sektorea balioan jartzea, Erkidegoko beste ikastetxe batzuetako esperientzia ezagutzea eta partekatzea (Allende-Salazar), etabar.

 -Zergatik planteatu zenuten jantokian aldaketak sustatzea?

2018ko udazkenean Kataluniako hainbat eskoletako kudeaketa ezagutu genuen bertatik bertara. Kataluniako eredua gurera ekartzeko modukoa izan zitekeela  sinestu genuen. Horregatik hemengo hainbat eragileekin harremanetan jarri ginen, hala nola, Goieki Garapen Agentziarekin, Beasaingo Udalarekin, Beasaingo Osasun Zentroarekin, Caritasekin, produktu ekologikoetan oinarritutako elikagaiak eskaintzen dituen eskola bateko ordezkariekin ere.

Aldi berean, eskolan tailerrak eta formazio saioak antolatu genituen ere ikasle, irakasle, jangelako langile eta gurasoentzat (Gure Platera Gure Aukera, Bidezko Elikadura, nutrizionistak, …. ) eta irakaslez eta gurasoz osatutako lantaldea osatu genuen ere.

Hala ere, jantokian aldaketak egin aurretik, ekimen xume batzuk abian jarri genituen. Hamaiketako osasuntsuaren kanpaina  egin zen eta ikasleek egunero fruta edo fruitu lehorrak ekartzeari ekin zioten, konpostaguneko kudeaketan eta baratzeko ekoizpenean ere parte-hartze aktiboa hartu zuten, jantokiko arduradunak izendatu ziren (zikloko asanbleetan partaide, Gure Platera Gure aukera-ko formazio bileretako kide),…

-Nola bideratu duzue sukaldearen eskaera?

Hezkuntza Sailari Organo Gorenaren izenean eskaria luzatu genion. Gure asmoa otorduak eskolan prestatzea eta elikadura osasungarria eskaintzea baldin bazen ere, lehen pausua sukaldea lortzea zen (gaur egun office-a daukagu), eta Hezkuntza Saileko Azpiegitura planean sartu zen gure proiektua.

-Behin sukaldea izanda, zer nolako aldaketak egin nahi dituzue elikadurari dagokionean?

Jangela kudeaketa eredu berriaren aldeko apustua egingo dugu, bertako ekoizleekin harreman estua mantenduz, kalitatea hobetuz, … baina Hezkuntza Sailak dituen kuotak altxatu gabe.

-Besterik?

Ezin aipatu gabe utzi ibilbide honetan bidelagun izan ditugun guztiak, eskola komunitatea (irakasle taldea, Murumari guraso elkartea, jangelako langileak, ikasleak), Bidezko Elikadura, Gure Platera Gure aukera, EHIGE, Hezkuntza Saila, Erkidegoko eskola pilotuak, …

Momentu honetan oso harreman estua izaten ari gara Hezkuntza Saileko arkitekto taldearekin eta proiektuaren detaile guztiak aipatzen dizkigute, gure beharrak arreta handiz entzunez.

Hemendik eskerrik beroena guztiei.