Jantokiaren kudeakidetzarako bidea hartutakoan, honako hau da kontuan hartu behar dugun lehenengo gauzetako bat: nortzuk dira egunerokoan parte hartuko duten pertsona, organo eta profesional desberdinak eta zein izango da horietako bakoitzaren betekizuna. Eredua aldatu ondoren, eginkizun edo ardura batzuk zeuden moduan mantenduko dira. Beste batzuk, ordea, aldatuko dira, bai lehen geneukan catering enpresarenak zirelako bai egiteko moduak aldatzerakoan eginkizun berriak sortu direlako.

Lehen esan bezala, gaur egungo araudiak kudeaketa zuzena besterik ez du jasotzen. Ondorioz, ez dago eginkizun berri horiek nork edo nola bete behar dituen azaltzen duen inolako orientabiderik. Beraz, orain arte, proiektu pilotu bakoitzak ahal izan duen moduan kudeatu du hutsune hori.  Zenbait kasutan, guraso elkarteak norbait kontratatu du eredu aldaketaren ondorioz sortutako eginkizun berri horiek egiteko. Beste kasu batzuetan, aldiz, eskualdeko garapenerako elkartearen edo udalaren agroekologia zerbitzuaren laguntza izan dute. Beste alde batetik, menuak diseinatzeko lana egiteko, proiektu pilotu gehienetan nutrizionista baten zerbitzuak kontratatu dituzte, ez baitute izan profil hori talde eragilean edo lantaldeetan. Gainera, kasu askotan, jantokiko batzordea sortu edo sustatu da eginkizun berri horiek koordinatzeko, komunikatzeko eta sustatzeko.

Egia esan, hutsune horren aurrean, premiazkoa da Administrazioak martxan jartzen ari diren eskola jantoki eredu berrien beharrei (langileei eta eginkizunei dagozkienak) erantzuten dieten arau berriak negoziatzea. Horrez gain, eskola jantokiak eta horretan lan egiten eta parte hartzen duten langileek ikastetxearen hezkuntza proiektuaren parte izan beharko lukete. Izan ere, horrela bakarrik lortuko dugu elikadura ikastetxe bakoitzaren hezkuntza proiektuan txertatzea. Hori da, hortaz, politikan eragiteko estrategian landu beharreko beste alderdi bat.
Beraz, ezinbestekoa da begiraleak hezitzaile bezala aintzat hartzea, horretarako, bermatu beharra dago dagokion prestakuntza jasotzen dutela, beren lanaldiak behar horretara moldatzen direla eta ikasle/langile ratioak handitzen direla. Hori da, hortaz, politikan eragiteko estrategian landu beharreko beste alderdi bat.

Beraz, ezinbestekoa da begiraleak hezitzaile bezala aintzat hartzea, horretarako, bermatu beharra dago dagokion prestakuntza jasotzen dutela, beren lanaldiak behar horretara moldatzen direla eta ikasle/langile ratioak handitzen direla.

Jarraian azalduko dizkizuegu, lehenik, organoen eta profesionalen gaur egungo sailkapena eta eginkizunak eta, gero, sortu diren eginkizun berriak.

LEGEAK ORAIN ARTE JASOTZEN DITUEN ORGANOAK ETA EGINKIZUNAK

A. Organo gestoreak

Hori da jantokiaren zerbitzuaren azken erantzukizuna duen erakundea. Honako hauek dira bere eginkizun nagusiak:

  • Eskola jantokiaren antolamendu eta funtzionamendu jarraibideak onartzea eta gainbegiratzea.
  • Jantokiaren kudeaketa ekonomikoa kontrolatzea.
  • Menuak onartzea, ikasleen behar dietetikoen arabera.
  • Ikasleak eta ikastetxeko langileak onartzeko irizpideak betetzen direla ikuskatzea.
  • Ikasleek parte hartzeko programak onartzea: osasunerako hezkuntza, gizarte ohiturak hartzea eta aisialdia.
  • Jantokiko batzordearen eraketa onartzea.
  • Administrazioarentzat zerbitzuaren ezaugarriei eta kalitateari buruzko txostenak egitea.
  • Jantokiaren beharretara moldatzen diren handitze lanak eta jantokiko instalazioen eta zerbitzuaren hobekuntzak proposatzea.
  • Eskola jantoki bakoitzaren ezaugarri espezifikoen arabera, zerbitzu on bat izateko behar diren begiraleen ratioak eta sukaldeko orduak handitzeko eskaerak bideratzea.
  • Zerbitzua ondo garatzeko beharrezkoa den beste edozein eginkizun.

Ikastetxeko zuzendaritzak irakasle baten esku utz dezake jantokiaren ardura. Horretarako irakasleak borondatez onartu behar du ardura hori. Hala ere, eginkizun horiek bere gain hartzen dituen pertsona hori irakaskuntza ordu batzuez liberatzen dute karguaren beharrak bete ahal izan ditzan.

Honako hauek dira bere eginkizun nagusiak:

  • Janarien zerbitzua antolatzea eta menuen jarraipena egitea.
  • Jantoki zerbitzuari atxikitako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko langileen buruzagitza eta kanpoko langileen buruzagitza funtzionala hartzea, enpresa hornitzaileen eta bere langileen arteko lan harremanen kalterik gabe.
  • Bazkaltiarrei kobratzearen jarraipenaz arduratzea eta jantokiaren fondoen kontrol zuzen eta jarraitua egitea.
  • Funtzionamendua gainbegiratzeko lanak egitea, zerbitzua ematen denean instalazioetan egonez.
  • OOGari ikasleen parte hartzerako programak egitea proposatzea.
  • Aldizka, sukaldeko tresneriaren inbentarioa egitea eta eguneratzea eta, behar denean, tresneria berritzea.
  • OOGari instalazioen ezaugarriei buruzko txostenak aurkeztea, horiek hobetzeko lanak proposatzea eta OOGari zerbitzua emateko kontratatutako enpresaren zerbitzuaren ezaugarriak eta kalitateari buruzko txostena aurkeztea eta instalazioak behar dituen obra eta hobekuntzak proposatzea.
  • Elikagaien eta instalazioen higienea kontrolatzea.
  • Legez edo araudiz ezarritako beste funtzioak.

Honako hauek osatzen dute:

  1. Ikastetxeko zuzendaria, bera izango da batzorde-burua. Partekatutako jantokien kasuan, bada, hori osatzen duten ikastetxeetako zuzendariak izango dira batzorde-buruak.
  2. Jantokiko arduraduna.
  3. Zerbitzua erabiltzen duten zenbait ikasle (DBHko lehenengo ziklotik gorakoak) eta zenbait senide, OOGak adostuta.

Batzordea osatzea ez da derrigorrezkoa baina, gaur egun, EHIGEk hori gomendatzen du, baita GPGA ekimenak ere, prozesua ondo dabilela bermatzeko. Jantoki batzorderik ez balego, OOGak hartuko lituzke eginkizun horiek bere gain, eta besterik ezean, ikastetxeko zuzendaritza taldeak.

Jantokiko Batzordeari honako eginkizun hauek dagozkio:

  • Jantokiaren aurrekontua egitea.
  • OOGaren aurrean kontuak ematea.
  • Jantokiko arduradunarekin jantokiko fondoak administratzea.
  • OOGari menuak proposatzea, ikasleen behar dietetikoen arabera.
  • Ikasleek parte hartzeko programak proposatzea: osasunerako hezkuntza, gizarte ohiturak hartzea eta aisialdia.
  • Helburuak betetzen direla bermatzea.
  • Jantokiko zerbitzua ebaluatzea eta OOGari hobekuntzak proposatzea.
  • Batzarretako aktak jasotzea.

B. Jantoki zerbitzuko langileak

Kudeaketa zuzenean sukaldeko langileak lehengaien horniketa zerbitzua ematen duen catering enpresak edo Hezkuntza Sailak kontratatzen ditu. Azken horrek, haatik, lehentasunezko arreta behar duten jantokietara bidali ohi ditu bere profesionalak. Izan ere, proiektu pilotu guztietan, bigarren egoera hori eman da. Beraz, horien kopurua administrazioak erabakitzen du, erabakitako ratioen arabera.

Eginkizunak:

  • Elikagaiak prestatzea.
  • Janaria behar bezala aurkeztea, jantokira eramanez.
  • Sukaldea eta sukaldeko tresneria garbitzea.
  • Instalazioak eta tresnak garbitzea eta doitzea.
  • Arriskuen Analisia eta Kontrol Puntu Kritikoak (AAKPK) eta Autokontrolerako Sistema
  • Jantokiaren arduradunari jantokiaren funtzionamenduan eragina duten kontuez informatzea, besteak beste, lehengaien horniketari, tresneriaren mantentze lanei eta gorabeherei dagokienak.

* Eginkizunak eta eskubideak lan hitzarmenean jasota daude.

Gaur egun, jantokiko zerbitzuaren esleipena duen enpresak kontratatzen ditu, Hezkuntza Sailak finkatzen dituen ratioen eta ordu kopuruen arabera.

Eginkizunak:

  • Jantokiko ordena mantentzen dela bermatzea.
  • Bazkalorduan eta zerbitzua osatzen duten bazkalaurreko eta bazkalosteko momentuetan ere ikasleez arduratzea eta horiek zaintzea.
  • Janaria mahietan zerbitzatzea eta mahaiak batzea.
  • Jantokiaren izaera hezigarria dela eta, ikasleek parte hartzea sustatzea; Lehen Hezkuntzako 5. mailatik gorako ikasleek mahaiak prestatzen eta batzen eta Bigarren Hezkuntzako 1. mailatik gorako ikasleek mahaiak prestatzen eta haur txikienak zaintzen.
  • Ikasleek parte hartzeko programak garatzea: osasunerako hezkuntza, gizarte ohiturak hartzea eta aisialdia.

Gainera, kurtso bakoitzeko, begiraleei eta sukaldeko langileei 18 ordu gehigarri ematen zaizkie honako hauetarako:

  • Jantokiko arduradunarekin jantokiko zerbitzuaren hainbat gairi buruzko koordinazio batzarrak egin.
    • Urtero egindako auditoretzak berrikustea
    • AKPKA eta Plan Orokorra berrikustea eta betetzea (sukaldeko langileak bakarrik)
    • Gorabeherak berrikustea eta konponbideak bilatzea.
    • Jantokiaren egoeraren hasierako balorazioa: dieta bereziak, ekipamendua…
  • Jantokiko arduradunari zerbitzua hobetzeko proposamenak egin.
  • Ikastetxean bazkalostean programatutako jarduerak egiten lagundu (begirale-hezitzaileak bakarrik).
  • Jantokiko arduradunari dagozkion txostenak egiteko behar diren datuak eman.
  • Jantokiko batzordearen markoan batzartu.

Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen kasuan, gainontzeko orduetarako izendatutako Hezkuntza Bereziko laguntzaileak berak egingo ditu jantokiko zaintza eta arreta ere.

Beste alde batetik, ikasturte bakoitzeko, ohiko jardunaldiaren barruan, langileek sei ordu emango dituzte heziketa-jarduerak egiten, ikastetxe bakoitzak kontratatzaileekin negoziatuta onartzen duen Heziketa-planean oinarrituz.

* Eginkizunak eta eskubideak lan hitzarmenean jasota daude.

Behin jantokiko kudeakidetza proiektua onartuta, eginkizun berriak agertzen dira, bai horiek lehen esleipena zuen catering enpresak egiten zituelako bai eredua aldatzean eginkizun berriak sortzen direlako. Atal honen hasieran azpimarratu den moduan, ez dago eginkizun berri horiek nork edo nola bete behar dituen azaltzen duen inolako orientabiderik, beraz premiazkoa da Administrazioak martxan jartzen ari diren eskola jantoki eredu berrien beharrei (langileei eta eginkizunei dagozkienak) erantzuten dieten arau berriak negoziatzea. Jarraian, ikastetxetik ikastetxera aldatzen diren arren, eginkizun berri nagusiak biltzen dituen zerrenda bat egiten saiatu gara.

  • MENUAK
    • Menuak egitea eta eguneratzea (basala, talde handiena eta bereziak) horiek osasungarriak direla, itxura egokia dutela eta menuak diseinatzeari buruzko atalean finkatzen diren kalitate estandarrak betetzen dituztela bermatuz.
    • Menu basaletako, nutrizio premia bereziak dituzten ikasleentzako menuetako eta talde handientzako menuetako plater guztien Fitxa Teknikoak egitea eta langileen, ikastetxearen eta Hezkuntza Sailaren eskura jartzea.
    • Premia bereziak dituzten haurren familiekin komunikatzea eta informazioa trukatzea menuak egokiak direla bermatu ahal izateko.
    • Prestatutako menuen horniketan izan daitezkeen gorabeherak kudeatzea.
  • LEHENGAIAK EROSTEA ETA LOGISTIKA
    • Erabakitzen den denboraldirako kolektibo eta pertsona hornitzaileak aukeratzea.
    • Zerbitzua apurka hobetzearren, aukeratutako pertsona eta kolektiboekin komunikatzea eta koordinatzea.
    • Eskaerak kudeatzea, aurretik egindako aukeraketaren arabera eta, biltegiratze arazoak ekidite aldera, elikagai mota bakoitzaren banaketaren maiztasuna ezarriz.
    • Merkantzia jasotzea eta baliozkotzea, hori onartzeko edo atzera botatzeko irizpideak ezagutuz (homologazioak, entrega datak, formatuak, espezifikazio teknikoa / baliozkotze irizkideak, argibideak).
    • Lehengaien inbentarioa egitea, behar diren errazioetara egokituz eta erabakitako menuak betetzen direla bermatuz.
    • Kolektibo eta pertsona hornitzaileen zerrenda, entrega egunak eta ordutegiak, lehengaien espezifikazioak eta egindako entsegu klinikoak eguneratzea.
    • Hornikuntzan sortutako arazoak eta ahulguneak konpontzea, izan daitezkeen gorabehera desberdinetarako ekintza zuzengarriak prestatuz.
    • Ontziteria ondo garbitzen dela eta altzariak, ekipamenduak eta instalazioak garbi daudela eta ondo erabiltzen direla kontrolatzea.
    • Garbitzeko eta desinfektatzeko produktu kimiko eta suntsikorrak erostea eta hornitzea.
    • Ingurumen arauak betetzea eta sortutako hondakinak osasun arauen arabera garraiatzean direla bermatzea, frakzio desberdinak banatuz eta dagozkien zaborrontzietara botaz.
  • HEZKUNTZA-PROIEKTUA
    • Ikastetxeko hezkuntza-proiektua etengabe berrikustea eta moldatzea dagokion atalean adierazitakoaren arabera.
    • Hezkuntza-eragileen arteko koordinazioa eta eztabaida, baita komunitateko gainontzeko kideekin ere, Ikastetxeko Hezkuntza-Proiektu berriak jasotzen dituen proposamenak garatzeko eta, trantsizioan zehar eta gerora, elkarlana sustatzeko.
    • Hezkuntza-komunitatearentzako komunikazio-, sentsibilizazio- eta ebaluazio-estrategia eta -ekintza etengabeak diseinatzea eta inplementatzea.
    • Hainbat eragile (batez ere klaustroa, begirale-hezitzaileak, jantokiko arduraduna eta familiak) trebatzeko planak garatzea eta inplementatzea, erabaki den prozesuari egokituak.
    • Jantokiko prozesu eta arau hezigarriak ezartzea
  • HIGIENEA ETA ELIKADURA SEGURTASUNA
    • Lantaldea koordinatzea (bertako langileak eta jantokiko arduraduna) Autokontrolerako Sistema (AAKPK) eta horri laguntzeko planak ondo inplementatzeko.
    • Zerbitzuaren edozein gorabehera edo osasun arloko agintariek detektatutako desbideratzeak zuzentzeko ekintzak garatzea.
    • Autokontrolerako sistema eguneratuta mantentzeko behar den informazioa eguneratzea eta entregatzea.
  • KUDEAKETA EKONOMIKOA
    • Elikagaien erosketen eta jantokiko gainontzeko gastuen albaranak, fakturak eta ordainketak.
    • Aurretik kolektibo eta pertsona hornitzaileekin negoziatzea, eta gero prezioen eguneraketak berrikustea.
    • Datu ekonomikoen jarraipena egitea eta horiek eguneratzea, batez ere, menu bakoitzeko elikadura kostua.
    • Aurrekontua eta balantzea egitea (kudeaketa ekonomikoa).
    • Gastuak eta sarrerak aurrekontuekin bat datozela kontrolatzea eta, ez badatoz, gorabeherak konpontzea.
  • LANGILEEN KOORDINAZIOA
    • Lehengaiak eta plater prestatuak modu egokian manipulatzeko, prestatzeko, garraiatzeko eta kontrolatzeko prozesuak eta arauak finkatzea; lehengaien eta menuen segurtasuna, gramajeak, kalitatea eta ezaugarri organoleptikoak bermatzeko baliabide produktiboak, logistikoak eta kontrolekoak zehaztuz.
    • Langile guztiek jantokietako funtzionamendu argibide espezifikoak eta higiene praktika zuzenak ezagutzen dituztela bermatzea.
    • Ikastetxearen eta guraso elkarteari langileak azpikontratatzen dizkion catering enpresaren arteko komunikazioa eta koordinazioa, izan daitezkeen gorabeherak, ordutegi aldaketak, bajak, etab. direla eta.
    • Eragileen arteko komunikazioa eta koordinazioa (jantokiko batzordean, ahal dela), interes orokorrekoak diren jantokiko gai guztiei buruzkoa.
    • Prozesuen, prozeduren, kontrolen, fitxa teknikoen edo ebaluazio sistemen jarraipena eta balorazioa egitea, bai lortutako esperientziaren arabera egokitzeko bai Hezkuntza Sailak proposatutako neurri zuzengarriengatik edo legeetara edo hezkuntza-komunitatearen proposamenetara moldatzeagatik parametroak aldatu direlako.