Gure Platera, Gure Aukera ekimenak Sarea sortzen eskola-jangelak eraldatzea helburu duten ekimenen topaketa egingo du martxoaren 27an. Topaketa online izango da eta parte hartzeko izena ematea ezinbestekoa izango da (martxoaren 23a izango da izena emateko azken eguna). Helburua egungo egoerari buruzko informazioa, ideiak, erronkak, aukerak eta energiak partekatzea izango da eta eskola-jangela eredu-aldaketan inplikatuta dagoen edo inplikatzeko asmoa duen pertsona edo kolektibo orori zuzenduta egongo da.
Gure Platera Gure Aukera ekimenak, 30 kolektibo sozial, sindikal eta hezitzailez osatuak, sei urte baino gehiago daramatza eskola-jantoki osasuntsuago, hurbilago, bidezkoago eta hezigarriago batzuen alde lanean, eta egunetik egunera indar sozial handiagoa du, eskola-elikadura osasuntsu eta iraunkorrarekiko kezka gero eta gehiago agertzen baita agenda politiko, mediatiko eta sozialean. Asko izan dira azken urteotan gai honek izan dituen kalteak, iruzurragatik ikerketa batzordetik hasi eta Eusko Legebiltzarraren 2019ko urriko akordiora arte. Urrats zehatzak, irmoak eta benetakoak behar dituen fase berri batean gaudela uste dugu.
2019ko urriaren 24an akordio bat lortu zen Legebiltzarrean, eta akordio horren arabera, eskola-jantokien kudeaketa zuzeneko sistemak aldaketak eta hobekuntzak behar ditu esleipen, gardentasun- eta kontrol-prozeduretan. Akordio horretan, Eusko Legebiltzarrak sistema osagarri baten oinarriak zehazteko ere eskatu zion Eusko Jaurlaritzari, kudeaketa berritzaile eta deszentralizatuaren alde egiten duten ikastetxeek aukera bideragarriak izan ditzaten. Aldi berean, hala eskatzen zuten ikastetxeetan sukaldeak eraikitzeko eskatu zion, baita informazio-prozesu bat ezartzeko ere, eskola-jantokien zerbitzuaren kontratazio-pleguen oinarri tekniko berriak kontrastatzeko eta, horrekin guztiarekin, indarrean dagoen araudia berridazteko.
Azken urteotan egindako lan guztiak eta lortutako aurrerapen txikiek metxa txiki asko piztu dituzte, eta proposamen erreal eta gauzagarri bihurtzen ari dira Euskal Herriko hainbat eskualdetan. Azken asteotan, pertsona asko jarri dira harremanetan Gure Platera Gure Aukera osatzen duten erakundeekin, eskola-jangelen buruzko informazioa eskatzeko. Beraiek pausoak ematen hasi dira eskola-jangela kudeatzeko eredu berri eta gauzagarri bat eratzeko helburuarekin.
Ekimen horiek guztiak modu desberdinean sortu dira, baina guztiek eskola-jangela osasuntsuagoa, hurbilagoa bidezkoagoa eta hezigarriagoa lortzeko helburua dute, eta horretarako sinergia desberdinak sortu dira beste hainbeste sektoretan.
Deskargatu topaketaren kartela PDF formatuan.
Izena emateko galdetegia.