REAS Euskadi ekonomia alternatibo eta solidarioaren sareak erosketa publiko arduratsuko gida bat kaleratu du, produktu ekologikoekin eta zero kilometroko produktuekin. Argitalpen hau Erosketa Publiko Arduratsurako lau Gida Praktikoen bostgarren publikazioa da.
Gidaren helburua da “kontratazio publikoan gizarte- eta ingurumen-erantzukizuneko irizpideak sartzea proposatzea eta erraztea, prozesu eta produktu ekologikoen eta 0 kilometroaren bidez, ingurumen-onura nabaria sustatuz”.
Argitalpenak modu didaktikoan jasotzen ditu kontratu publikoen legeriak eskaintzen dituen aukerak, kontratazio-pleguetan sar daitekeen berme legal eta tekniko osoko klausula bat proposatuz.
REAS Euskadiren esanetan, “kontratazio publikoan ingurumeneko irizpideak eta irizpide ekologikoak sartzea ez litzateke aukera bat izan behar, baizik eta ageriko eta lehentasunezko betebehar bat”, eta administrazio publikoek ingurumen-erantzukizuneko irizpide horiek beren obrak, zerbitzuak eta hornidurak kontratatzerakoan sartzea proposatzen du.