Kudeakidetzaren eta ikastetxean bertako elikagai agroekologikoak prestatzearen kontra erabiltzen den argudio nagusietako bat da hori garestiagoa dela eta, ikuspegi ekonomikotik, ez dela bideragarria. Beraz, horri dagokionez, gure eginkizuna oso garrantzitsua da; izan ere, argudio horiek indargabetu eta okerrak direla frogatu beharko dugu. Horretarako, datu zehatzak eta informazio gardena erabiliko ditugu.

Hala, prozesuari ekin baino lehen, errealitatearekin eta dauzkagun datuekin bat datorren hasierako aurreikuspen bat egingo dugu. Lan zorrotz eta jarraitua egingo dugu, etengabe hobekuntzak egin ahal izateko.

PROIEKTUAREN BIDERAGARRITASUN EKONOMIKOA KALKULATU

Funtsean, kobratuko ditugun kuotak eta sortuko diren gastuak kalkulatu beharko ditugu. Horrela, egiaztatu ahal izango dugu berezko diru sarrerez gain Eusko Jaurlaritzaren edo, zenbait kasutan, udaletxearen laguntza behar izango dugun ala ez. Hortaz, diru sarrera eta gastu gehienak ezagunak izango dira bideragarritasun azterketa egiten hasterakoan. Lehen ez bezala, catering enpresari zenbat ordaindu behar diogun kalkulatu beharrean gure sukaldean menua prestatzeak zenbat balio duen kalkulatu beharko dugu. Jarraian, egin beharreko urratsak zehatz-mehatz azalduko ditugu:

Honako hauek dira diru sarreren iturriak:

  • Menu bakoitzeko ordaintzen den kuota. Egun, hauek dira ezarritako kuotak: 4,60 € ohiko bazkaltiarrentzat; 3,30 € garraio eskubidea duten ohiko bazkaltiarrentzat; 5,20 € bazkaltiar ez ohikoentzat eta 8,10 € gainontzekoentzat (ikastetxeko langileak). Bakoitzak zenbat, noiz eta nola ordaintzen duen Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak erabakitzen du. Ezagutu zure jantokia atalean azaltzen dugun bezala. Hori zehatz-mehatz azaltzen da Saileko zirkular honetan.
  • Eusko Jaurlaritzak urtean ordaintzen duen diru kopurua. Kudeaketa zuzeneko zentroek zein proiektu pilotuek diru kopuru bat jasotzen dute. Kopuru hori honako faktore hauen araberakoa da:
    • Bekadun edo ordaindu behar ez duten pertsona kopurua.
    • Makinerian, konponketan, tresnerian eta abarrean aurreikusitako gastuak.
    • Gaineratikoak. Aurreko urtean aurreikusitakoa baino gutxiago gastatu delako, balantzea positiboa izan den eta dirua geratu den.
    • Ikastetxeak behar duen langile kopurua Hezkuntza Sailak ezarritako ratioen arabera finkatzen da. Ratioak ezartzeko ikasturte horretan izena eman duten ohiko bazkaltiar kopurua eta horiek funtzionarioak diren ala ez kontuan hartzen dute.
  • Udalak ordaindutako diru kopurua. Haur eta lehen hezkuntza ikastetxeetan zenbait diru sarrera udaletik dator. Funtsean instalazioei dagozkion horietaz ari gara
  • Gaineratikoak. Aurreko ekitaldian (edo ikasturtean) dirua geratu bazen, hori diru sarrera bat izango da oraingo ekitaldian.

Aurreikusitako diru sarreren inguruko datu horiek guztiak OOGaren bitartez lortu ahal izango ditugu.

  • Ekipamendua. Ekipamenduen, makineriaren, altzarien, inbentariatu ezin den materialen eta tresneriaren konponketak. Agian menuen planteamendu berriaren ondorioz zenbait inbertsio egin behar izango dugu; beraz, hori ere kontuan hartu beharko dugu. Partida horretako gainontzeko gastuak orain arteko ohikoak izango dira.
  • Kontratatutako langileak, zuzenean Hezkuntza Sailaren menpe ez daudenak. Hau da, sukaldeko langileak funtzionarioak badira, begiraleak kontratatzeko kostua izango da gastuetan sartu behar duguna. Gainera, kontuan hartu behar dugu gastu hori kudeaketa zuzeneko ereduan baino handiagoa izango dela; izan ere, taldea eta eguneroko funtzionamendua atalean azaldu genuen bezala, eginkizun berriak daude. Zenbait kasutan, proiektu pilotuek eginkizun horiek beteko dituen pertsona bat kontratatzea erabaki dute. Gastu hori asko alda daiteke gai honen inguruan Jaurlaritzak hartutako jarreraren arabera: zer neurritan dagokio ikastetxe publiko bati ikastetxeko langileen sostengu ekonomikoa eta zer neurritan familiei.
  • Garbiketa. Garbitzeko materialen eta produktuen kostua ere kontuan hartu behar dugu.
  • Aholkularitza. Proiektu pilotuek nutrizio eta elikadura higiene eta segurtasun arloetan aholkularitza zerbitzuak kontratatu behar izan dituzte. Etorkizunean kudeakidetza legez onartzekotan, beharbada, gastu hori Eusko Jaurlaritzaren jarreraren arabera aldatuko da.
  • Janaria. Hau da gastu berrien artean nagusia eta aurreko kudeaketa ereduarekin konparatuz dagoen aldaketarik handiena. Erositako elikagaien kostu hori gutxi gorabehera kalkulatzeko honako hau egin beharko dugu:
    • Behar izango ditugun elikagai motak eta kopuruak zehaztu, Menuak diseinatzea atalean azaltzen dugun bezala.
    • Gure inguruko kolektibo eta pertsona hornitzaileei erosi nahi diegun elikagaien prezioari buruzko informazio bildu, eskaintza errealista bat egite aldera. Mapaketa prozesuari buruzko informazio gehiago kolektibo eta pertsona hornitzaileak aukeratzeari buruzko atalean.
    • Prozesu hori zaila izan daiteke, ondorioz, proiektu pilotuei beren kontuak eska diezaizkiekegu. Hala ere, agian menuak eta elikagaien prezioak ikastetxe batetik bestera aldatuko dira eta, hortaz, ezin izango ditugu horiek bere horretan erabili, baina lehenengo hurbilketa bat egiten lagunduko digute.
  • Gastu berri batzuk. Kudeaketa aldaketarekin aipatu ez ditugun gastu berri batzuk ere sortuko dira, hala nola erantzukizun zibileko asegurua (higiene atalean azaltzen duguna) edo bulegoko materiala.

Aurreko guztia kalkulatutakoan aurrekontuaren aurreikuspena egin dezakegu, hau da, espero ditugun diru sarrerak ken espero ditugun gastuak. Horren bitartez, espero dugun defizita kalkulatuko dugu eta Administrazioari aurkeztuko diogu bere gain har dezan.

Hala ere, aurreikuspen bat besterik ez da hori. Zerbitzua abiatzen dugunean fikziozko aurrekontu hori gure egoerara doitzen joango gara eta gastuak eta diru sarrerak orekatzeko egin beharreko aldaketak egingo ditugu.

Jarraian, proiektu pilotuetako batek ikasturte bakoitzeko aurrekontua (lehenengo orria) eta itxiera balantzea (bigarren orria) egiteko erabiltzen duen artxiboa eskaintzen dizuegu. Pribatutasuna dela eta datuak kendu ditugu baina, hala ere, erabilgarria izan daiteke kontuan hartu dituzten gastuen eta diru sarreren ideia bat egiteko. Hona hemen deskargagai.

EGUNEROKO KUDEAKETA EKONOMIKOA
Kudeaketa zuzena duten ikastetxeetan administrazioari aurkeztu beharreko datu ekonomiko guztiak programa informatiko espezifiko baten bitartez entregatzen dituzte; izan ere, horrela ezartzen dute sailburuordetzaren argibideek. PPek, informazio mota desberdin bat erabiltzen dutenez, aurkezteko modu horretatik kanpo geratu dira eta, gaur egun, kalkulu orrien bitartez, artxibatzen, antolatzen eta horrela bidaltzen dute informazio guztia.

 Datu guztiak eguneratzeaz gain, honako eginkizun hauek ere daude:

  • Albaranak eta fakturak jasotzea, aztertzea eta artxibatzea.
  • Menuko elikagaien kostua kalkulatzea. Normalean, denboraldi jakin bateko elikagaien kostua batzen dute (adibidez, hilabete bat) eta denboraldi horretan emandako menu kopuruagatik zatitzen da. Horrela batez besteko kostua kalkulatzen dute.
  • Jantokiko gastuak eta diru sarrerak kontrolatzea, gorabeherak detektatzea eta konpontzea.
  • Kolektibo eta pertsona hornitzaileekin komunikatzea eta, adostutako prezioak aldatu behar izatekotan, prezio berriak negoziatzea eta erabakitzea.
  • Diruzaintza; alde batetik, egin beharreko erosketa eta ordainketa guztiak egitea eta, bestetik, bazkaltiarrei kobratzea.
  • Aldian-aldian balantzea ebaluatzea, izan daitezkeen, desbideratzeak zuzentzeko helburuz.