Gero eta gehiago dira gure inguruan jantoki osasungarriago eta iraunkorragoak lortzea helburu duten egitasmoak. Oraingo honetan Debagoienara hurbildu gara. Ainhoa Narbaiza Irizar Ereindajaneko kidea da, eta Jangelak hornitzeko Debagoieneko plataformaren dinamizatzailea. Berarekin hitz egin dugu Debagoiena eskualdeko proiektua ezagutzeko xedez.
Zer da EreindaJan?
Hurbilekoak eta sozialki justuak diren kontsumo-ereduak garatu eta indartzeko proiektua da Ereindajan. Nekazal eredu agroekologikoa bultzatzen dihardugu, eta arnasa eman nahi diogu gure bailarari. Debagoiena eskualdea da eragin eremua, eta lau oinarriren baitan egiten dugu lan Bergaran eta Arrasaten ditugun topaguneetan:
Bertakoa: Kontsumo eredu arduratsua praktikara eramanez, tokiko garapena bultzatzen dugu. Bailarako ekoizleak eta kalitatezko produktuak dira gure oinarria.
Osasungarria: Agroekologia ipar, gure gorputzak eta lurrak zaintzen ditugu. Gehigarririk gabeko eta sasoian sasoiko produktuekin egiten dugu lan.
Justua: Ereindajaneko ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko harremana justua da. Prezioak justuak dira ekoizleentzat, eta arrazoizkoak kontsumitzaileentzat.
Kooperatiboa: Proiektua kolektiboa da: erabiltzaileon artean pentsatu, eraiki eta erabakitzen dugu. Ekoizleek, kontsumitzaileek eta langileek hartzen dugu parte.
Zein da jangela kolektiboen plataformaren helburua?
Bergarako Ereindajan-etik eta Debagoiena 2030 eraldaketa sarearen baitan, jangelak hornitzeko eskualdeko plataforma abiatu dugu. Azken urte hauetan, denda-topaguneak egonkortu eta indartzen lan handia egin da, eta kontsumo kolektiboan urrats bat gehiago emateko helburuarekin abiatu dugu. Denda topaguneek dituzten helburu antzekoak lituzke, eta oinarrian eskualdeko ekoizpen agroekologikoa indartzea ere badago.
Zein da orain arte egindako ibilbidea?
Jangelen egitasmoa, duela 2 hilabete abiatu dugu, baina abiadura bizian ari gara, indartsu. Proiektua eskualdeko elkarte, erakunde eta kolektibo batzuekin partekatu dugu, honez gain kontsumo eta ekoizpenaren begirako beharrak ari gara jasotzen. Eta bestetik, jangela kolektiboen eraldaketa eremuan esperientzia duten Euskal Herriko beste proiektu batzuekin elkarlanean ari gara.
Zeintzuk dira zuen asmoak 2021 honetan?
Diagnostikoa egin, sentsibiliazioa landu eta hornikuntza esperientzia abiatzea dira asmo nagusiak. Proiektua eskualdeko beharrekin konektatzen egin dugu lehen urratsa, prozesu txiki bat egin dugu horretarako, harreman erronda eta diagnostiko bat eginez. Agroekologia eta elikadura-heziketari begirako lan pedagogikoa egitea izango da hurrengo urratsa. Eta azkenik, hornikuntza sistema diseinatzea. Ahal dugun heinean eta eskala txikian, hornikuntza esperientzia bat martxan jarri nahi dugu.
Zein arazo aurreikusten dituzue?
Bi korapilo nagusi identifikatu ditugu: batetik, eskualdeko ekoizpena oso urria dela. Eta bestetik, martxan dauden araudi eta politika publikoek ez dutela kudeaketa propioa izatea bultzatzen. Kontsumitzaile eta ekoizleen arteko katea ahalik eta laburrena izatea nahiko genukeen arren, bidean konplikazioak egongo direla ziur gaude.
Aldi berean, beste arazo ugariri buelta emateko eremu estrategikoa da jangelena. Horregatik, eskualdeko elikadura burujabetzara bidean tokiko erakundeek baliabideak jarri eta benetako apostua izatea garrantzitsua iruditzen zaigu.
Zein da zuen harremana eskualdeko ekoizle agroekologikoekin
Denda-topaguneari esker, harreman iraunkorra dugu ekoizleekin. Eskualdeko errealitatearen eta egitasmo honen inguruko proposamen eta kezkak ere partekatu izan ditugu. Proiektua aurrera joan hala, erronka berri honi begira harreman horiek gehiago landuko dira.
Eta ikastetxeekin?
Oraindik goiz da esateko. Guraso talde batzuk gurekin jarri dira harremanetan, eskola batzuetan lehenagotik ere pil-pilean bait zegoen gaia, eta ilusioz hartu dute. Jangelen hornikuntzaz haratago, elikadura-ereduaren gaia eskolako dinamikan txertatzeko interesa azaldu da.
Eta gainontzeko jangela kolektiboekin?
Proiektu hau, ez da soilik eskola-jantokiei begira egin. Lantoki eta egoitzetako kontsumoa ere hartuko da kontuan. Oraindik ez dugu harreman askorik landu, datu bilketa bat egiteko jarri gara guztiekin harremanetan eta interesa dutenekin aurrerago elkarrizketak egingo ditugu.