Joan den maiatzaren 31n, Gure platera, gure aukerak (GPGA) Hezkuntza Batzordean parte hartu zuen, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza lege-proiektuari buruzko ekarpenak egiteko helburuarekin. GPGAko kide Ainhoa Narbaizak (Ereindajan) eta Eneko Viñuelak (Justicia Alimentaria-Bidezko Elikadura) hainbat proposamen egin zizkioten Hezkuntza Batzordeari, eskola-elikadura hezkuntza lege berriaren artikuluetan txertatzeko.

Agerraldia egin aurretik, GPGAk Hezkuntza Legearen zirriborro gisa aurkeztutako artikuluak aztertu zituen, eta zirriborro osoan “eskola-jantokia”, “elikadura” edo espazio horri lotutako kontzepturik ez zela behin ere agertzen ikusi zuen. Aspektu hori deigarria da; izan ere, ikasleek ikastetxean igarotzen duten denboraren herena eskola-jantokian ematen dute.

Hasierako premisa horretatik abiatuta, artikuluei egindako ekarpen oso zehatzak aurkeztu ziren. Eskaera nagusiak dira eskola-jantokiko espazioak espazio pedagogikoa izan behar duela, eta ez “zerbitzu” hutsa; horregatik, ekarpenak hezkuntza-kontseiluek izango dituzten funtzioetara bideratu dira,  esplizituki garapen pedagogikoko zereginak esleituz.

Ekarpenen artean daude, halaber, eskola-jantokiak hobetzeko tokiko erakundeekin ezar daitezkeen harremanak eta hitzarmenak, bai haien kudeaketan, bai logistikan.
GPGAk eskola-gobernantzan aldaketak egiteko apustua ere egiten du, eta, horretarako, eginkizun edo erantzukizun berriak proposatzen ditu, bai udaletako hezkuntza-kontseiluentzat, bai ikastetxeetako eskola-kontseiluentzat. Eskola-jantokietan bertan erabakiak hartzeko gaitasuna, jantokiak hobetzeko ekimenak, eta catering-zerbitzua ematen duten enpresak kontrolatzeko tresnak.

Benetako aldaketei ekiteko, gure proposamenak ikastetxearen hezkuntza-proiektuan bertan elikadura osasungarri, bidezko eta jasangarri baten balioak txertatu behar dira. Balio horiek eskola-jantokian sustatu eta garatu behar dira, jantokiko langileak eginkizun horietan sartuz. Ezinbestekotzat jotzen dugu jantokiko langileen funtzio hezitzailea, berau erabat garatzeko denborak eta ratioak egokituz.

Lege berri honi egindako beste ekarpen bat, ikastetxe bakoitzak bere jantokia administrazio publiko eskudun ezberdinekin modu partekatuan kudeatu ahal izateko duen autonomia-gaitasuna da.

GPGAk eskola elikadura eraldatzeko urratsak txertatzeko aukera handia ikusten du lege berri honetan; eskola jantokietan bertan,  maila pedagogikoan zein maila praktikoan eman daitezkeen urratsak.  Datozen hilabeteetan ikusiko dugu proposamen horiek legean jaso diren.

ikusi agerraldiaren bideoak hemen: https://www.legebiltzarra.eus/ords/f?p=120:10:6834552898905::NO:RP,RIR:P10_ID,P10_TEXT_SHOW,P10_EXPAND:212018,N,N