GURE PLATERA GURE AUKERA ekimena hezkuntza-komunitate, lehen sektore eta gizartetik sortu den eskaera bati erantzuteko jaio zen: egungo eskola-jantokien eredua aldatzeko nahiarekin.
Ekimen hau osatzen dugun taldeek eskola-jantoki osasungarri, hurbil, bidezko eta ezitzailea aldarrikatzen dugu. Horretarako, aldaketak proposatzen ditugu, eskola-jantokia espazio integral eta integratzailea izan dadin eta ez bakarrik sukaldaritza “zerbitzu” bat. Landa-eremu bizia eta lehen sektorea sartzearen aldeko apustu politikoen laguntzarekin egin behar dira aldaketa hauek.
2019-2020 ikasturtean COVID-19 dela eta, gertatutako konfinamendu-aldiaren ondorioz,
besteak beste, jangela zerbitzua eten zen. Ez dugu ahaztu behar jangela zerbitzua eta
bertan jasotzen duten elikadura direla ikasle askoren elikadura nagusiaren eta, batzuetan,
bakarraren oinarria; izan ere, familia asko egoera ekonomiko eta sozial oso zailean daude. Hori gutxi balitz, familia eta bizitza uztartzeko eskubidea bermatzen die familia guztiei eta sozializaziorako tresna garrantzitsua dira, baita jaten ikasteko ezinbesteko espazio pedagogikoak ere.
2020-2021 ikasturterako Hezkuntza sailak ikastetxeetako eskola-egutegiak egiteko
arautegian, salbuespen gisa, DBHko ikastetxeetan goizeko eskolaldi jarraia egiteko aukera
ematen du, beti OOGk onartuta. Honek, DBHko ikasleek eskola-jantoki zerbitzua izateko
eskubidea galtzea ekarri lezake. Haur hezkuntza eta lehen hezkuntzako ikastetxeei
dagokienez, ez dago aldaketa handirik, baldin eta jarduera presentziala egiten bada.
Hau guztia dela eta, hauxe eskatzen dizuegu: ez dezazue onartu zuen ikastetxeko jangela ixtea, edozein izanda ere etapa, ikasleen elikadura eskubidea defendatuz, jangeletako langileen lanpostuak bermatuz (murrizketa eta kaleratzerik gabe) eta familien lana eta bizitza uztartzeko eskubidea zainduz. Ez dugu ahaztu behar, krisi ekonomikoa medio, datorren ikasturtean inoiz baino beharrezkoagoa izango dela gero eta ikasle eta familia gehiagorentzat.
Deskargatu testua PDF formatuan.