Ikastetxea elikagaiez hornituko dituzten pertsonak eta/edo kolektiboen aukeraketak neurri handi batean erabakiko du jantoki eredu berria osasungarria, bidezkoa, agroekologikoa, hurbilekoa, hezigarria eta partizipatiboa den, komunitate mailan zein ingurumenari dagokionez.

Prozesu horrek etapa desberdinak eskatzen ditu eta talde eragileak egin beharko dituen lehenengo lanetako bat izan behar du. Izan ere, menuak diseinatzearekin batera, aukeraketa horrek izango ditugun elikagaien eskaintza eta horiek erosteko kostua erabakiko ditu. Bi alderdi horiek funtsezkoak dira bideragarritasun proiektua zehazteko.

Gainera, talde eragileak tokiko lehen sektorea ezagutzen duten eragileen eta antzeko prozesuak egin dituzten beste esperientzia batzuen laguntza eta aholkularitza izatea komeni da .

Azkenik, gida honetan elikagai hornitzaileak diren kolektiboak eta pertsonak aipatzen ditugu. Izan ere, izendapen hori egokiena iruditzen zaigu ikastetxea lehengaiez hornitu dezaketen eragile desberdinak biltzeko. Alde batetik, gizon eta emakume baserritarrak eta arrantzaleak ditugu. Horiek bakarka lan egin edo formula desberdinen arabera elkar daitezke. Aldi berean, elkarte horiek ekoizten edo arrantzatzen dituzten elikagaien eraldaketa egingo dute edo ez. Beste alde batetik, lehen sektorean erosi ezin ditugun elikagaiak, eraldaketa eta banaketa egiten duten pertsonei edo kolektiboei erosi ahal izango dizkiegu. Azkenik, lehengai batzuk tokiko dendetan erosteko aukera ere badago.

Jarraian, aukeraketa horretan egin beharreko urratsak azalduko ditugu:

1. HORNITZAILEAK AUKERATZEKO SISTEMA ERABAKI

Aukeraketa horretarako diseinatuko dugun sistema adostea da egin behar dugun lehenengo gauza. Ikastetxe bakoitzak, bada, bere egoerara eta premietara moldatzen den sistema aurkitu beharko du. Hona hemen gomendatzen ditugun bi formula:

Aukeraketa gardena, ekitatiboa eta demokratikoa egin nahi badugu, aurrez zehaztu beharreko zenbait alderdi dago. Alderdi horiek kandidatura aurkezteko asmoa duten pertsona guztiei jakinarazi beharko dizkiegu. Honako hauek dira:

  • Sortak. Elikagaiak banan banan erostea kaotikoa izango litzateke. Normalean, sortaka biltzen dira, kudeaketa errazteko. Era berean sorta bakoitzaren baldintza espezifikoak zehaztu beharko ditugu. Adibidez, barazkiak sorta bakar bat osa dezakete eta baldintza espezifikoak hauek izango lirateke: behar ditugun barazki mota guztiak, urte osoko kantitateak, prezioa, entrega egunak edo modua (garbia, kutxatan, etab.) eta beste logistika kontu batzuk.
  • Aukeratzeko irizpideak. Hurrengo puntuan, erabil ditzakegun irizpide batzuk ikusiko ditugu. Gainera, irizpide bakoitzari emango diogun garrantzia erabaki beharko dugu. Izan ere, lehiaketara aurkezten diren pertsona edo erakundeei puntuazio desberdina emango diegu irizpide bakoitzari emandako garrantziaren arabera.
  • Kontratazio epea. Epe hori urtebetekoa edo bi urtekoa izan daiteke. Aukera bat da irizpideen artean txandaketa sartzea, hau da, urte batean kontratua lortu duen horrek hurrengo urtean ez errepikatzea, banaketa ekitatiboagoa lortzeko helburuz. Nolanahi ere, hori kolektibo eta pertsona hornitzaileen kopuruaren arabera izango da.
  • Aukeratze prozesuan parte hartu ahal izateko aurkeztu beharreko dokumentazioa. Pertsona edo erakunde bakoitzak, zerbitzu hori emateko legeak eta osasun arauek eskatutakoa betetzen duela ziurtatzeko, zenbait agiri ofizial aurkeztu beharko ditu,  hala nola NAN txartela, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga edo bete beharreko higiene eta osasun baldintzak ziurtatzen dituen agiria (kasu batzuetan osasun erregistro zenbakia). Horrez gain, aurkezten diren pertsonek eta kolektiboek bete behar izango duten memoriaren puntuak ere zehaztu beharko ditugu. Izan ere, horietan puntuatuko dira finkatutako balorazio irizpideak.
  • Balorazio mahaia. Hori osatzen duten pertsonek baloratuko dituzte aurkeztutako eskaintzak. Komeni da mahai horretan prozesuan parte hartzen duen pertsonaren bat izatea, adibidez, guraso elkarteko, zuzendaritzako edo talde eragileko kideren bat. Era berean, baloratu behar dugun gaian “adituak” diren pertsonak ere egotea komeni da (adibidez, osasun arloko irizpide asko badago, osasun teknikari bat izatea, ingurumen arlokoak badira, gai horren inguruan asko dakien pertsona bat, etab.).

Hona hemen, adibide bezala, Allende Salazar ikastetxeak eskainitako sorta bat. Horretan, aipatutako puntu guztiak ageri dira. Beste guztiak geroago izango dituzue deskargagai.

Aukera horrek lan gutxiago ematen du eta prozesua gardena eta ekitatiboa dela bermatzen du. Horretarako, ikastetxeak administrazio publikoak egindako kontratu bati atxiki beharko du. Horrek abantailak ditu, adibidez, ez ditugula aurreko puntuan azaldutako alderdiak (sortak, irizpideak, epeak, balorazio mahaia, etab.) gure kabuz zehaztu behar eta ez dugula lehiaketaren karga administratibo osoa gure gain hartu behar. Izan ere, horretarako batzorde bat edo teknikariren bat izendatuko dituzte.

Kasu horretan, eskualdean antzeko esperientziarik dagoen eta aukeratze prozesua nola egin duten ikertzea izango da zuen eginkizun nagusia. Era berean, prozesu hori edo horiez gain, eskola jantokia hornitzeko behar adina produkzioa legokeen ikusi beharko dugu. Behin identifikatuta zer prozesuri atxiki nahi dugun eta horren onespena lortutakoan, honako hau izan daiteke gure parte hartzea:

  • Horren lan batzordean ikastetxea ordezkatzeko postu bat lortu. Kasu horretan, pantaila honetako gainontzeko puntuak irakurtzen jarrai dezakezue, prozesua zuen kabuz egingo zenuketen horren antzekoa baita baina jende gehiagoren laguntzaz (eta horiekin adostu behar izango duzue ere). Hau da, adibidez, Urduñako udal sukaldean egin dena. Bertan, ikastetxeko gurasoen elkarteak baldintza agiriak egiten lagundu du.
  • Hori posible ez bada, lehiaketan ezarritako irizpide eta baldintzak onartu beharko ditugu. Horrek abantaila bat du, martxan jartzeari buruzko 6. puntura zuzenean joan zaitezketela, alegia.

Edonola ere, aukeratutako mekanismoa dena dela, hori parte hartzen duten eragile desberdinei komunikatzea komeni da, hau da, zer egingo den, nork egingo duen eta hori aukeratzeko arrazoiak. Sentsibilizazioa eta komunikazioa atalean hori nola eta zergatik egin azaltzen dugu.

2. AUKERATZEKO IRIZPIDEAK ZEHAZTU

Behin aukeratze mekanismoa zehaztuz gero, egokia bada, pertsona eta kolektibo hornitzaileak baloratzeko irizpideak mugatu beharko ditugu. Garrantzitsua da irizpide horiek hasieratik argi egotea, egiaztagarriak izatea eta zeren arabera zenbatetsiko diren jakitea. Izan ere, horiek orientatuko dute bilaketa eta horiek baloratuko ditugu aukeratze prozesuaren amaieran aukera bat edo bestea hautatzeko. Ikastetxe bakoitzak bere lehentasun eta premiak ditu eta horien arabera zehaztuko ditu irizpideak. Hala ere, orokorrean, hiru irizpide mota ikusten ditugu: ideologikoak, teknikoak eta higiene eta osasun arlokoak.

Horiek ikastetxeak komunitatean eta ingurumenean sustatuko duen eraldaketa soziala erabakiko dute. Hala, irizpide horiek zeintzuk izan daitezkeen erabakitzeko,  GPGA ekimenak proposatzen duen eskola jantokien karakterizazioa abiapuntu ezin hobea da. Hala ere, hona hemen zenbait ideia:

  • Ingurumen iraunkortasun irizpideak:
    • Zero kilometroko elikagaiak erabiltzea, posible den guztietan. Tokian ekoizten ez diren elikagaien kopuru maximoak ezartzea.
    • Nekazaritza eta abeltzaintza ekoizpen eta arrantza teknika agroekologikoak eta jasangarriak.
    • Sasoiko elikagaiak lehenestea.
    • Tokiko nekazaritza eta bioaniztasuna sustatzea, bertako barietate eta arrazak berreskuratuz eta erabiliz.
    • Artisau elaborazioa, kostu energetiko baxuagoa duena eta ingurumena (ura, lurzoruak, etab.) kutsatzen ez duena.
    • Berrerabili edo birzikla daitezkeen ontziak erabiltzea, eta plastikorik ez ahal den heinean.
  • Gizarte irizpideak:
    • Sortutako lanpostu kopurua.
    • Instalatzen ari diren pertsona gazteak lehenestea.
    • Gizarte bazterketa arriskuan dauden pertsonak lehenestea.
    • Elikadura burujabetzaren aldeko sare eta aliantzetan parte hartzen duten pertsonak/erakundeak.
    • Ziurtagiri partizipatiboa edo garantia sistema partizipatiboak dituzten proiektuak.
    • Denden kasuan, tokikoak izatea, ikastetxearen herriko/eskualdeko ekonomia sustatzea
    • Banakako ekimenen aurretik baserritarren arteko kooperatibak eta elkarteak lehenestea.
  • Genero berdintasun irizpideak:
    • Emakume langileak dituzten proiektuak lehenestea.
    • Erabakitzeko eremuetan emakumeak dituzten proiektuak lehenestea.
    • Eguneroko lanean kontziliazio/ardurakidetza neurriak txertatzen dituzten proiektuak lehenestea.
    • Generoko ikuspegia edo ikuspegi feminista duten proiektuak lehenestea
  • Osasun irizpideak:
    • Nekazaritza eta abeltzaintza ekoizpenean kimikorik ez erabiltzea.
    • Elikagai elaboratuetan gehigarri artifizialik ez erabiltzea.
    • Elikagai elaboratuetan gatz, azukre edo koipe hidrogenatu gehiegi ez erabiltzea.
    • Elikagai transgenikorik ez erabiltzea, ezta animaliak elikatzeko ere.
  • Kultura eta hezkuntza irizpideak:
    • Ikastetxearen hezkuntza proiektuan parte hartzeko konpromisoa duten pertsona edo kolektiboak.
    • Beren ekoizpen, lan eta antolaketa moduei buruz informatzeko konpromisoa.
    • Komunikazio modu desberdinetan euskararen erabilera sustatzeko konpromisoa.
    • Bertako barietate eta arrazak erabiltzea eta elikagaiak ekoizteko eta elaboratzeko tradiziozko teknikak berreskuratzea.

Adibide gisa, irizpide posible horiek praktikan jartzeko moduari buruz, hemen aurki ditzakezue Allende Salazar eskolak ezarritako lau irizpide nagusiak.

Irizpide horiek erabiliz, jantokiak behar dituen lehengai horiez hornitzeko ahalmena nortzuk duten identifikatu ahal izango dugu. Honako hauek izan daitezke irizpide nagusiak:

  • Honako hauek hornitzeko ahalmena:
    • sorta bakoitzean eskatzen diren elikagai desberdinak.
    • elikagai bakoitzetik behar den kantitatea.
    • behar den maiztasunaz (adibidez: astean behin) eta aurrez ezarritako denboran (adibidez, astelehenetan, 10:00ak baino lehen).
  • Sorta bakoitza aurrez ezarritako baldintzetan entregatzeko ahalmena (adibidez, arraina hezurrik gabe, uraza garbituta, oilaskoa zatituta, jogurtak 24ko kutxatan, etab.).
  • Ezustekoen aurrean erantzuteko ahalmena (ezin izango balute ekoizpen faltagatik entrega egin, zer egingo lukete).

Higiene eta osasun irizpideak ikastetxe bakoitzaren egoeraren arabera aldatuko dira. Horretan, alderdi hauek eragina izango dute: erabilitako elikagaiak, horien egoera entregatzeko momentuan, nola eraldatzen eta banatzen diren edota dauzkagun instalazio eta ekipamenduak.

Orokorrean, eskatzen diren higiene eta osasun baldintzak honako hauei dagozkie:

  • jardueraren ustiategi mota
  • elikagaiak ekoizteko eta eraldatzeko teknikak
  • lehengaiak garraiatzeko sistema
  • ikastetxean entregatzeko baldintzak

Baldintza horiek dagokion osasun erakundearekin zuzenean komentatzea komeni da, horiek modu egokian zehaztu ahal izateko, elikadura higiene eta segurtasuna atalean gomendatzen dugun bezala.

3. KOLEKTIBO ETA PERTSONA HORNITZAILEAK BILATU ETA IDENTIFIKATU

Behin gure jantokian izan nahi ditugun elikagai motak zehaztuta, horiek ekoizten edo banatzen dituzten pertsonak bilatu beharko ditugu. Inguruan prozesu agroekologikoak egiten dituzten baserritar eta arrantzaleekin harreman hurbil eta zuzenak sortzea erabaki badugu, hasiera batean, nahiko zaila izan daitekeela ikusiko dugu.

Honako hau hartu behar dugu kontuan:

  • Gure gizartean, erabat galdu dira konfiantzazko harreman hurbil horiek eta, hortaz, horiek leheneratzea ez da batere erraza. Orokorrean, ez ditugu gure inguruko baserritarrak ezagutzean, ezta horiek zer eta nola ekoizten duten eta nori saltzen dioten ere.
  • Pertsona horiei gure proiektua arrisku handikoa dela iruditu dakieke. Aukera bezala ikus dezaten lortu nahi badugu, gure asmoa azaldu beharko diegu baita haien laguntza zergatik behar dugun ere.

Beraz, zer egin dezakegu?

Erakunde asko zuek eta inguruko baserritarrak eta arrantzaleak harremanetan jartzeko prest daude. Horiek, beraz, eskualdean lan egiten ari diren horien inguruko informazio erabilgarria eman diezazuekete. Era berean, aholkularitza teknikoa eman diezazuekete, sortzen zaizkizuen zalantzak argitzeko. Hona hemen aukera batzuk, kontaktuei buruzko atalean ere aurkituko dituzuenak:

  • Landa Garapenerako Elkarteak (LGE).
  • Eskualdeko Nekazaritza Bulegoak (ENB)
  • Udalak. Horietako batzuek agroekologia, landa garapen edo antzeko zerbitzuak dituzte
  • Elikagai ekologikoen, tradizionalen eta abarren ziurtagiriak kudeatzen dituzten elkarteak
  • Nekazaritza sindikatuak
  • Kooperatibak, kontsumo talde alternatiboak
  • Tokiko dendarien elkarteak
  • Ikastetxeko gurasoen artean ere, ikastetxea hornitzeko interesa izan dezaketen baserritarrak ere izan daitezke, familien eta proiektuaren arteko lotura sendotuz.   Landa eremuetan dauden proiektu pilotuetan parte hartu duten ikastetxeetan gertatu izan da hori. Horietako batean, elikagaiak ekoizten zituzten gurasoen artean kooperatiba bat sortzea ere proposatu zen

Behin pertsona eta kolektibo hornitzaileak identifikatuta, horiei proiektua azaltzeko batzar bat antolatuko dugu. Horretan, parte hartzeko interesa izan dezaketen ikusiko dugu eta horretarako beharrezkoak diren baldintzei buruzko informazioa emango diegu.

Batzarrean honako hauek azal ditzakegu:

  • Ezarri dugun aukeratze sistema, aurkeztu beharreko dokumentazioarekin.
  • Kontratuaren hasiera data eta iraupena.
  • Aukeratzeko erabiliko diren balorazio irizpideak.
  • Pentsatzen ari garen sorta moten inguruko lehenengo informazio bat, esate baterako, beharko diren elikagaien kantitatea eta interesgarriak diren beste alderdi tekniko eta ekonomiko batzuk.
  • Sorta bat eskaini ahal izateko, pertsona batzuen artean elkarte bat sortzeko aukera. Aukera horri esker ekoizpen txikiak dituzten pertsonak ere aukeratze prozesuan sartu ahal izango dira. Horrek, bide batez, eskala txikiko ekonomia eta baserritarren arteko lankidetza sustatzen du eta, horrez gain, hornikuntza arazoak izateko arriskua murrizten du. Izan ere, batek ezin badu hornitu besteek bete egingo dute eskaera.

4. HORNITZAILEAK IZAN DAITEZKEEN KOLEKTIBO ETA PERTSONEKIN KOORDINATU

Behin hornitzaileak izan daitezkeen pertsonak egin nahi dugun proiektuari buruz informatuta, interesa agertzen duten horiekin koordinatzea komeni da. Horrela, aurreikusi dugun elikagai horien horniketa posiblea dela eta horiek proposatzen ditugun prezio, kantitate eta baldintzekin bat datozela bermatu ahal izango dugu.

Kolektibo eta pertsona hornitzaileak batzar irekietara deituko ditugu, horiek ekoizten dituzten elikagai edo sorta motaren arabera banatuta (adibidez: esnekiei buruzko batzar bat, barazki eta frutei buruzko beste bat…). Izan ere, elikagai guztien baldintzak ez dira berdinak; horixe da, hain zuzen ere, bereizketa horren zergatia. Batzar horietan, beraz, sorta bakoitzaren alde tekniko, logistiko eta sanitarioak landuko ditugu, esate baterako, hauek:

  • Sorta desberdinen osaera, sar daitezkeen elikagaien mota eta kantitateak (horiek menuak diseinatzean kalkulatu izan ditugu gutxi gorabehera). Tokiko ekoizpenaren, baserritar kopuruaren eta abarren arabera, aurrez planifikatutakoa alda daiteke.
  • Elikagaien banaketa nola egin, gehienbat, sorta batez arduratzeko zenbait baserritar elkartzen diren kasuetan.
  • Sorta horretako lehengaiak banatzeko maiztasuna.
  • Elikagai mota horren higiene eta osasun baldintza espezifikoak.
  • Horniketan arazoak izanez gero, izan daitezkeen ekintza planak.
  • Ikastetxea hornitzen hasteko datak. Ekoizpena ikastetxearen eskaerara moldatu behar bada, epe jakin batzuk behar dira. Epe horiek ekoizpen mota bakoitzaren araberakoak dira. Adibidez, barazkien kasuan agian hilabete batzuk beharko dituzte, landatzen direnetik uzta jaso arte.

5. KOLEKTIBO EDO PERTSONA HORNITZAILEAK AUKERATU

Ikastetxean aukeratze prozesu irekia egitea erabaki badugu, lehenbizi, aipatu dugun bezala, horrek izango dituen ezaugarri nagusiak zehaztu eta kontaktuak egiten hasi beharko dugu. Behin hori eginez gero, hornitzaileak aukeratzeko prozesuan eskatuko ditugun baldintza tekniko eta administratiboak idatziko ditugu.

Dokumentu horretan honako hauek zehaztuko ditugu kontratatu nahi dugun sorta bakoitzerako:

  • Parte hartzeko behar den dokumentazioa.
  • Balorazio irizpideak eta horietako bakoitzari dagokion puntuazioa.
  • Lote bakoitza osatzen duten produktuak eta kantitateak eta proiektuak onar dezakeen gehienezko prezioa.
  • Datak, balorazio mahaia eta aukeratze prozesuaren gainontzeko baldintzak.

Jarraian, Gernikako eskolak bere lehiaketa publikoan jarritako baldintzak deskarga ditzakezu, adibide gisa.

Hala, eskaintzak aurkezteko epea bukatutakoan, balorazio mahaiak zehaztutako denboraldirako nortzuk kontratatuko dituzten erabakiko du. Gainera, interesgarria izan daiteke ohiko hornikuntzan ezusteko gorabeherak izatekotan alternatiba izan daitezkeen hornitzaileak identifikatzea. Horiek ordezko izenda ditzakegu. Informazio hori guztia izena eman duten pertsona guztiei jakinaraziko diegu. Eskala handiago batean ere informa dezakegu, aukeratzen dugun kanala erabiliz.

Azkenik, ukatzeko irizpideak ere aurretik zehaztea komeni da. Hau da, zehaztu beharko dugu, behin horniketa hasi denean, zeintzuk izango diren hornikuntza aldatzera eraman gaitzaketen gaituzten arrazoiak, arbitrariotasunak ekidite aldera. Esate baterako,  ikastetxe batean, jantokiko batzordeak du ukatzeko ahalmena, eta ukatze hori hutsegite larri baten edo hiru hutsegite arinen ondorio izango da, betiere kolektibo edo pertsona hornitzaile horren historikoa kontuan hartuz. Hutsegite bat zer den eta horren larritasuna modu objektiboan zehaztu ahal izateko argibide teknikoak sortu dituzte.

6. MARTXAN JARRI

Behin hornitzaileak aukeratuta, horiekin honako alderdi hauek zehaztu beharko ditugu, besteak beste:

  • Eskaerak nola kudeatuko ditugun.
  • Nolakoa izango den eskaerak entregatzeko logistika. Batzuetan sorta bakoitzeko arduradunak entrega egun jakin batean egin dezan antola dezakegu, beste batzuetan, aldiz, zenbait sorta bidaia bakar batean banatzea adostu egiten dute. Zehaztasun horiek jakin behar ditugu, izan ere, eragina dute biltegiratzean eta prestaketan, batez ere, elikagai freskoez ari garenean.
  • Zein izango den izan daitezkeen hornikuntza arazo desberdinei aurre egiteko jarduera plana. Hori ezinbestekoa izango da menuak egunero prestatu ahal izango direla bermatzeko. Pertsona eta kolektibo hornitzaileekin adostu dezakegu, elikagairen bat ez izatekotan, hori lortzeko kontaktua eta logistika beraiek kudeatuko dutela.

Hona hemen deskargatzeko zenbait material erabilgarri:

Behin pertsona eta kolektibo hornitzaileak aukeratutakoan, horietako bakoitzak fitxa egin beharko du, bere buruari eta eskainiko duen lehengaiari buruzko informazioa idatziz. Beti entregatu beharko dituzte fitxa horiek, hori baita, adibidez, alergenoak izan daitezkeen elikagaiak identifikatzeko modua. Horrela, beraz, elikadura premia bereziak dituzten haurren osasuna arriskuan jartzea ekidin ahal izango dugu. Hona hemen orain arte Hezkuntza Sailak esleipendun enpresei eskatu izan dizkien espezifikazioen inguruko orientabide orokor batzuk (PPetan baldintzak zeintzuk diren jakiteke dago).

Beste alde batetik, hemen dituzue kolektibo eta pertsona hornitzaileek entregatu behar dituzten produktuaren fitxa teknikoen adibide batzuk.

Behin hornitzaileak aukeratuta eta zerbitzua martxan jarrita, honako lan hauek egingo dituzten pertsonak izendatu beharko ditugu:

  • Jantokiko langileekin batera jarraipena eta ebaluazioa egin eta aukeratutako kolektibo eta pertsona hornitzaileekin komunikatu eta koordinatu, zerbitzua hobetzen joatearren (elikagaien kalitatea, entregatzeko modua eta maiztasuna, etab.).
  • Merkantzia jaso eta baliozkotu, hori onartzeko ala atzera botatzeko irizpideak ezagutuz (hornitzaile homologatuak, entrega datak, formatuak, espezifikazio teknikoak/baliozkotze irizpideak, argibideak).
  • Lehengaien inbentarioa Horrek emango diren errazioekin bat etorri behar du eta ezarritako menuak bete behar ditu.
  • Pertsona hornitzaileen, entrega ordutegien eta egunen, lehengaien espezifikazioen eta egindako entsegu analitikoen zerrenda eguneratu.
  • Hornikuntza arazoak eta detektatutako ahulguneak zuzendu, izan daitezkeen gorabehera desberdinen aurrean neurri zuzengarriak prestatuz.
  • Familiei eta eskola komunitateko gainontzeko kideei elikagai horiek nondik datozen komunikatu, Laukarizko ikastetxeko adibide honetan.