Beti komeni da ebaluazio bat egitea, ikaspenak ekartzen dizkigulako, lorpenak baloratzen eta ospatzen laguntzen digulako eta aurrera egiteko izan ditugun zailtasunak eta horien zergatia identifikatzen laguntzen digulako. Nolabait ere, gelditzeko eta gure plangintzaren (horrelakorik baldin badugu) edo gure helburuen proiekzioaren eta onarpenaren “argazkia ateratzeko” momentu bat dela esan daiteke. Gainera, kontuan izan behar dugu Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak kudeaketa zuzeneko ereduan ebaluazio parametro batzuk ezartzea eskatzen diela esleipendun catering enpresei. Hortaz, seguru asko etorkizunean ezartzen diren bestelako jantoki ereduei ere antzeko zerbait eskatuko diete.
Beraz, ebaluazio prozesu bat martxan jartzera animatzen bagara, lehenik honako galdera hauek egingo dizkiogu gure buruari: norekin, zer helbururekin, nola eta noiz egin nahi dugu, nor sartu nahi dugu tartean eta zer laguntza eta baliabide ditugu. Galdera horien bitartez gure ebaluazio tresnak eta gure ikuspegia zehaztu ahal izango dugu.
Hala, ikuspegi asko dira martxan jar ditzakegunak baina, gure ustez, parte hartzekoa den eta generoko ikuspegia duen bat aukeratzea komeni da. Azken finean, horrek esan nahi du tartean sartutako eragile desberdinen ahalik eta iritzi gehien hartzea eta hitz guztiei balio bera ematea komeni dela. Hala, emakumeen ekarpenak eta interesak jasotzen eta aintzat hartzen saiatuko gara. Aldi berean, gure kudeaketa sistemak botere harreman ekitatiboak dituen galdetuko diogu gure buruari.
Parte hartzeko ikuspegi baten helburua, azken batean, ebaluazioa “geure egitea” da. Horri esker, kontzientzia gehiago hartzen dugu eta prozesu osoa geureganatzen dugu, eta, aldi berean, ekintzan, alternatibak bilatzean eta erabakietan inplikarazten gaitu.