EAEko 17 ikastetxeri eskola-jantokiko zerbitzua emateari utziko dio Serunion enpresak. Izan ere, azken asteetan enpresa horrek gorabehera larri ugari izan ditu eskola-jantoki ezberdinetan. Eskola-komunitateek, hainbat gizarte-eragilerekin batera egindako salaketa-lanari esker, Hezkuntza Sailak eta enpresak irailetik 17 ikastetxeri ematen zien kontratua etetea erabaki dute: Gipuzkoako hiru ikastetxeri, Bilboko beste hiruri eta Arabako 11ri.
GPGAn behin eta berriro esan dugu gorabehera horiek ez direla arazo puntualak izan, egiturazkoak baizik, eta erabat iraungita dagoen kudeaketa-eredu baten ondorioak direla; izan ere, egunero-egunero, erreforma sakona behar duela adierazten duten adierazle gehiago erakusten dizkigu eredu horrek. 2019an, Eusko Legebiltzarrean, aho batez, adierazpen bat onartu zen, eta, horren bidez, erreforma hasteko eskatu zen. Lau urte baino gehiago igaro dira, eta Hezkuntza Sailaren borondaterik ezak egungo eredu zaharkituak indarrean jarraitzea eta arazoak eta gorabeherak pilatzen jarraitzea eragin du.
Gero eta eskola-komunitate gehiagok salatzen dute egoera hori, eta beste kudeaketa-eredu deszentralizatu bat garatu ahal izatea eskatzen dute, non eskola-elikadura erabakitzeko gaitasuna ez den kanpoko enpresa baten esku geratzen, eta eskola-komunitatearen beraren borondatetik pasatzen den.
Gure seme-alaben elikadura ez da jolasa, ezta negozioa ere; horregatik, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak hurbiltzen ari diren honetan, alderdi politiko guztiei dei egiten diegu eskola-jantokiei buruzko proposamenak aurkez diezazkiguten eta publikoki onar ditzaten.
Eskola-jantoki hurbilago, osasuntsuago, bidezkoago eta hezitzaileagoen alde!