Urriaren 18an eta 19an ‘GOZO elikadura osasungarria eta iraunkorra topaketak’ egin genituen Bergaran Bidezko Elikadura, Ereindajan Bergara, Elikaenea eta EHIGEk antolatuta, udalaren babesarekin.

Jardunaldia Bergarako Udaleko Ainhoa Lete, Javier Guzmán Bidezko Elikadurako zuzendaria eta Lurdes Imaz EHIGEko koordinatzailearen hitzaldiekin hasi zen. Ondoren, hiru mahai antolatu genituen gai desberdinen inguruan eta nazioarteko zein bertako ekimenen arteko hartu-emana oinarri: eskola-elikadura, sukaldariak eta ekoizleen arteko aliantzak eta merkatuak zerbitzu publiko gisa.

 

ESKOLA-ELIKADURA: NOLA ERALDATU GAUZAK EZER ALDATZEN EZ DENEAN”

Hamaiketako osasungarria Elgetako Herri Eskolan

“Hamaiketako osasungarria” esperientzia aurkeztu zuten Elgeta Herri Eskolako Irene Santamaría zuzendariak, Nora Olabide ikasketa buruak eta  Onditz Villar eskolako amak.

Elikadura osasungarria eta sasoikoa lantzea, opil industrialak kendu eta bertako produktu ekologikoen kontsumoa bultzatzea, ikasleen artean desberdintasunik ez egotea eta tokiko ekoizpena bultzatzea eta hondakin kopurua murriztea dira egitasmo honen helburuak.

Hala, hiru egunetan fruta eta bi egunetan ogia olioarekin ematen dute Ereindajan proiektuarekin elkarlanean. Horretarako, familiek 6-8 euro bitarteko kuota ordaintzen dute hilero (Udalak laguntzen du familia zaurgarrien kuotarekin). Hainbat jarduera osagarri egiten dituzte ere. Hala, ikasleen batzordea dute, Elikaenea ezagutzera joan dira eta ekoizleei bisitak egiten dizkiete ere.

Ikastetxeko proiektua da eta ikastetxe osoa inplikatzeaz gain, Jangelako Eraldaketa Batzordea eratu dute Udalarekin batera.

“Berton-bertokoa”: sukaldeak eta hamaiketako osasungarriak

Ikastetxeetan sukaldeak eraikitzeko helburuarekin sortu zen Durangaldeako ikastetxe publikoak batzen dituen Berton Bertokoa egitasmoa. Pozik azaldu zuen Alex Azpirik ari direla helburuak lortzen; izan ere, Zaldibar eta Atxondoko eskolek badute sukaldea eta laster izango dute ere Durangoko Zabalarrako ikasleek.

Hamaiketako osasungarria ere abiatu dute bertako ekoizleekin elkarlanean, Elgetako ereduan oinarrituta.

Salburua HLHI: eskola-jangelaren eraldaketa pedagogikoa

Ondo dakite Gasteizko Salburua Eskolan eskola-jangelak duen balore pedagogikoa. Horregatik, lau urte daramatzate arlo hau lantzen argi dute ere ikastetxe osoa inplikatu behar dela. Hori dela-eta, Ikastetxeko Hezkuntza Proiektuan jasoa dago, baita zuzendaritza-proiektuan ere.

Espazioak berrantolatu dituzte eguerdian, ikasleak inplikatu dituzte eta begiraleak balorean ipini. Guzti horri esker, eskola-jangela espazio atseginagoa bihurtu da.

Orain saretze-prozesu batean murgilduta daude eta ikasturtea amaitu baino lehen beste ikastetxe batzuetara zabaldu nahi dute euren esperientzia.

Eskola-elikadura hobetzen Guatemalan

Guatemalan eta Erdialdeko Amerikan oso garrantzitsua da eskoletan ematen den janaria. Eta ez bakarrik ikasleen osasunean eragiten dutelako, baizik eta familia askorentzat seme-alabak eskolara bidaltzeko arrazoietako bat delako.

Hezkuntza Ministerioaren “Programa de Alimentación Escolar” egitasmoaren baitan, ikasleei askari bat bermatzen zaie Guatemalako eskoletan. Eskola bakoitzak diru-kopuru bat jasotzen du elikagaiak erosteko.  Eskolak sukaldea baldin badu eskolan bertan hartzen dute amek sukaldatutako askaria eta sukalderik ez dagoenean etxera eramaten dute.

Horretaz gain, hainbat jarduera egiten ari dira bertan Bidezko Elikadurako Sayda Taborak azaldu zigun bezala: eskolako ortuak, haziak berreskuratzea (amarantoa), etabar.

 

SUKALDARIAK ETA EKOIZLEEN ARTEKO ALIANTZAK, GURE SUKALDEAK EGOKITUZ

Milaka pertsonak bazkaltzen dute egunero lantokian, eskolako jantokian, egoitzetan, ospitaletan… eta sukalde horiei begira jarri ginen bigarren mahaian. Elikagai horien kudeaketan eta ekoizpenean aritzen direnei eman genien ahotsa:

Séverine Quencez (Collectif les Pieds dans le Plat / SCIC Nourrir l’avenir, Frantzia)

Frantziako eskualde ezberdinetan sukalde arloko formazioan jarduten duten kolektiboan aritzen da Séverine. Sukaldean aldaketak bultzatzeko, elikagai freskoak eta “etxeko janaria” izan behar da oinarria. Lurralde mailan bertako produktu ekologikoak txertatzeko, akonpainamendua zein planifikazioa oso garrantzitsua dira, horren adibideko, Dordognan martxan jarri duten A la table tresna.

Halere, markoak eta araudiak egon behar dira hau posible izateko eta zabaldu ahal izateko. Frantziako testuinguruan, Egalim legea eta Dordogna departamenduan hartu den konpromisoa aipatu zuen. %100 tokikoa eta bertakoa hornitzen duten 30 ikastetxeren esperientziaren berri eman zuen.

 Isa Alvarez eta Jordi Masdeu (Frescoop- Mengem Bages, Katalunia)

Bages eskualdeko egitasmo kooperatibo honek, sukaldeen kudeaketa eta elikagaien banaketa era integralean garatzen ditu. Tokiko ekoizle txiki eta bertako erakundeen arteko zubi-lana egiten dute. Dagoeneko sei jantoki hornitzen dituzte eta honez gain, catering zerbitzua eta azokan kokatutako supercoop proiektua kudeatzen dute.

Testuinguru konplexua da jangelena, eta aldaketak bultzatzea ez da erreza, alderdi askoren beharrak hartu behar direlako kontuan, familiekin hitz egin behar da eta baita langileekin ere, ekoizleekin ere lanketa egin behar da….   Baina probak egiten joatea eta aldaketak gradualki egitea garrantzitsua dela planteatzen dute. Horretarako esperientzia lagungarria izan da, jangela horietan lanean ari diren sukaldarien arteko topaketak antolatzea (trikimailuak partekatzeko…). Oinarri-oinarrian, borondate politikoa dagoela azpimarratu zuten.

 Yesenia Castro – Fedecoopades (El Salvador)

El Salvadorren nekazaritza agroekologikoa oinarri duen banaketa zentroa martxan jarri dute. Bertako elikagaiak era ekologikoak ekoizteko sentsibilizazio lanean ari dira, eta elikagai tradizional horiek (artoa adibidez).  banatzeko formatu eskuragarriak sortzen.

Ekoizleen antolaketan eragin eta hainbat lan amankomunean egiteko lanean ari dira. Eskola eta jantokien eremuan eragiteko goizegi dela aipatu zuten, familiei eta komunitateei zuzendutako planteamenduak egiten ari dira momentuz.

 Herritarren artean egin ziren interbentzioen artean, honelako proiektuek lurraldean zein herritarren ongizatean dakarten onura itzela azpimarratu zen. “Garrantzitsua da, eskoletan bakarrik ez zentratzea, asko egoitzetatik gertuago gaude eskoletatik baino”.

 

ELIKADURA ESKUBIDEA: MERKATUAK ZERBITZU PUBLIKO GISA

Herritar guztiek elikatzeko duten eskubideak utopia izaten jarraitzen du. Gaur egun, 700 milioi pertsona inguru gosea pasatzen dute munduan, eta Espainiako Estatuari dagokionez, biztanleria osoan elikadura-segurtasun eza moderatu/larriaren prebalentzia % 8koa izan zen, 3,8 milioi pertsonari eraginez. Horrela, zuzenbidearen ikuspegia funtsezkoa da desberdintasunei aurre egiteko eta pertsona guztiek ongizate optimoa izango dutela bermatzeko.

GOZO Bergara jardunaldien hirugarren mahaiaren helburua esperientziak partekatzea eta elikadurarako eskubidea bermatzeko elikagaien banaketak duen garrantziaren inguruan eztabaidatzea zen, familia, ekoizle eta kontsumitzaileentzako bidezko prezioan oinarrituz. Horretarako, lau ikuspegi desberdin, baina osagarri, izan genituen, eta horiek “merkatuaren” ikuspegi globala eman ziguten.

Javier Guzmán (Bidezko Elikadura)

Lehenengo ikuspegiaren abiapuntua Bidezko Elikadurak egindako “Erreklama ezazu zure merkatua” kanpaina izan zen. Kanpaina horren bidez, Javier Guzmán Bidezko Elikadurako zuzendariak Espainiako Estatuko udal-merkatuen jatorrizko helburua galdu dela azaldu zuen, eta azpiegitura publiko horiek turismora zuzendutako gune gastronomiko edo supermerkatuak instalatu diren gune bihurtu direla (bereziki hiri handietan).

Ainhoa Lete eta Aitziber Plazaola (Bergarako Elikadura Mahaia)

Egoera horren aurrean, Ainhoa Letek eta Aitziber Plazaolak, Bergarako Elikadura Mahaiko ordezkariek, udalerrian elikadura eredua dinamizatzea helburu duen parte-hartze gune hau aurkeztu zuten. Bergarako hornidura-merkatua “biziberritu” behar zen eta espazioa birpentsatzearen ondorioz sortu zen proiektua. Horretarako, eta prozesu parte-hartzaile honen ondoren, gune hau “elikagaien banaketarako” zentro bihurtu dute, eta bertan elikagaiak saltzeko postu egonkorrak, larunbatetako merkatua, asteazkenetan ekoizle agroekologikoen merkatua eta Elikaenea proiektua aurki daitezke. Azken honek sukalde komunitarioa eta tokiko produktuak modu egonkorrean erosi ahal izateko denda bat ditu.

 Jordi Masdeu eta Isa Álvarez (Frescoop- Mengem Bages, Katalunia)

Ildo beretik, Jordi Masdeuk eta Isa Alvarezek, Manresako (Katalunia) Frescoop Kooperatiba Integraleko ordezkariek, Manresan sortu den eta hiriko merkatuan kokatu den supermerkatu kooperatiboa aurkeztu zuten. Hasierako diagnostikoa antzekoa zen, gero eta postu gehiago itxita eta erabilera gutxiagoa zuen merkatua. Hemen, ordea, proposatutako alternatiba supermerkatu kooperatibo bat sortzea izan zen, udalerriko alkatetzarekin batera lan egin ondoren.

 Evelyn Ramírez, Chiquimula (Guatemala)

Azkenik, Chiquimulako (Guatemala) nekazarien merkatuen ikuspegia ere izan genuen, Evelyn Ramirezen parte-hartzeari esker. Testuingurua desberdina bada ere, arazo komun bat dago: ekoizleek zailtasunak dituzte elikagaiak kontsumitzaileei modu zuzenean eskaintzeko, bi aldeentzako prezio duinean. Egoera horren aurrean, udalerriko emakume ekoizleak elkartu egin dira salmenta modu antolatuan egin ahal izateko.

Esperientzia bakoitzean sakondu ondoren, eztabaidarako tartea egon zen eta askotariko gaiak aztertu ziren, hala nola elikagaien prezioak, ekoizpen-sektore hurbila izatearen garrantzia elikadura jasangarria izateko eta lurralde-ekonomia dinamizatzeko, edo elikadura-mota hori eskatzen dituen gizarte-mugimenduak. Baina, batez ere, udal-politika publikoek elikatzeko eskubidearen sustapenean duten garrantzian jarri zen arreta. Horretarako, mahaian parte hartu zuten pertsona guztiak bat etorri ziren: elikadura-ingurune osasungarri eta iraunkorrak bultzatzeko “borondate politikoa” ezinbestekoa da.

Ondorioa da ez dagoela “estrategia/politika magiko eta bakar” bat, baizik eta modu parte-hartzailean eraiki behar direla estrategia desberdinak. Gero eta alternatiba sozial eta jasangarri gehiago daude (udal gobernuen laguntza handiagoarekin edo txikiagoarekin) eta merkatuak Elikadura Subiranotasunaren abiapuntu izan daitezke, Bergarako Oxirondoa bezala.