Baratzea sortzeko orduan, eskolak honako helburu hauek izan ditu kontuan: norberaren ezagutza eta autonomia pertsonala garatzea, ingurumenaren ezagutza, zaintzan eta errespetuan sakontzaea, komunikazioa eta espresioa hobetzea, izan ere inguruko baserritarrek, guraso eta aitona-amonek lagundu digutelako; eta baratza aurrera eramateko planifikazio ona egitea.
Baratze batek eragiten duen lana uste baino handiagoa da. “Horren ondorioz, baratzak asko erakutsiko digula uste dugu, bai ikasle eta irakasleoi ere. Azkenean proiektu diziplinarteko bat da, ez da bakarrik haziak landatzea, matematikak, hizkuntza… lantzen dira. Gainera, beste tailerrekin lotura zuzena duen proiektua da. Adibidez, sukaldaritza tailerrean landatutakoa aprobetxatuko dugu. Arte tailerrean landatu diren hazi desberdinen kartelak sortu dira”, esan dute ikastetxeko irakasleek. “Baratzaren erabilera eta naturarekiko harremanari esker sortutako interesa eta sormena azpimarratu nahi dugu. Ikasketa-prozesuak ematen dituen aukerak aprobetxatzea da kontu, alde batetik arazoen irtenbideak aurkitzeko eta, bestetik, balioak zein jarrerak lantzeko”.
Arratsalde bat baratzan
Lorategiko gaua nolakoa den kontatuko digute eskolatik. “Lehenengo eskolatik ateratzen gara, 14:50tan gutxi gorabehera eta txirrinden mekanikariak txirrindak prest daudela arduratzen dira. Prest gaudenean baratzeraino joaten gara errepidean kontu handiz ibiliz eta trafiko-seinaleak errespetatuz. Baratzera iristen garenean txirrindak alde batean uzten ditugu eta baratzeko arduradunek zer egin behar dugun esaten diguten, adibidez lehenengo haziak nola landatuko ditugun.
Ondoren, behar ditugun tresnak erabiltzen ditugu eta gero bere lekuan txukun-txukun uzten ditugu. Koaderno bat eramaten dugu ere, eguneroko bat idazteko, horrela hurrengo egunean badakigu nondik jarraitu behar dugun. Argazki-kameren arduradunek ere zenbait argazki ateratzen dituzte, ondoren egunerokoan txertatzeko eta prozesua nolakoa izan den ikusteko.
Dena txukun utzi ondoren, zapatak garbitzen ditugu eta txirrindak hartzera abiatzen gara, eskolara bueltatu behar garelako 16:20ak baino lehen. Eskolara iristean, txirrindak bere lekuan uzten ditugu eta geletara igotzen gara egin dugunaren inguruan ondorioak ateratzeko”.