Christophe Corbière, Frantziako Isère departamentuko elikadura proiektu eta komertzializazio zirkuitu laburren arduraduna, Euskal Herrian egon zen urtarrilaren amaieran EHIGE, VSF Herrien Bidezko Elikadura eta Gure Platera Gure Aukera ekimenaren eskutik.
Hiru egunez, Frantziako administrazioaren teknikari hau EAE eta Nafarroako administrazioetako ordezkariekin eta Gure Platera Gure Aukera ekimenarekin bildu zen Isère-eko departamentuaren esperientzia ezagutarazteko:
Isère-eko departamentuak milioi bat eta 200 mila biztanle ditu eta EAEren antzeko zabalera. Elikagaien ekoizpenari dagokionez, departamentu anitza da: barazkiak, fruta, zerealak, behi-haragia eta esnea. Nekazaritza azalera erabilgarriaren %3 nekazaritza ekologikora zuzendua dago, portzentaje altua Frantziako beste departamentu batzuekin alderatuz gero. Ekoizleen %32ak salmenta zuzena egiten du (Estatuko bataz bestekoa %21 da). Ekoizleen denda gehien duen departamentua da ere.
2008tik Isère-eko departamentuak college[1] delakoen jangelak kudeatzen ditu merkaturatze zirkuitu laburren politiken bitartez. 96 college daude probintzian, hauetatik 58 7 sukalde zentralen bidez kudeatuta eta gainontzekoak sukalde propioen bidez. Egunero 37.000 menu ematen dira, hauetako 21.000 sukalde zentraletan egiten dira eta produktuen %25 bertakoa izatea lortu dute eta %18 ekologikoa. Administrazioak ipini ditu martxan aipatutako 7 sukaldeak, administrazioak berak kontratatutako langileekin.
Elikagaiak erosteko, kontratazio publikoak egiten ditu administrazioak, Europako lehiakortasun araudia errespetatuz. Prozesu hauetan ez da soilik prezioa baloratzen. Besteak beste hauek hartzen dira kontuan plegu teknikoetan: denborazkotasuna, nekazaritza ekologikoa, jatorri-deitura edo aipamenak (mendikoa, baserrikoa, eta abar). Kontuan hartzen dira ere elikagaien ezaugarri organoleptikoak, hezkuntza-proposamenaren egokitasuna eta ingurumenari dagozkion baldintzak.
Bertako produktuen eta produktu ekologikoen administrazioaren eskaera honi erantzuteko, ekoizleak antolatu egin dira plataforma logistikoetan eta martxan jarri dute barazkiak eta fruta prozesatzeko instalazioa. Horretarako, administrazioaren laguntza izan dute.
Kudeaketa eredu honek lagundu egin du lehen sektorea indartzen eta menu osasuntsuak eta gertukoak bermatu dizkie milaka ikasleri. Departamentuko gobernuarentzat eta zerbitzu desberdinentzat (lurraldearen antolakuntza, osasuna, merkataritza, eta abar.) taldeentzako sukaldaritza eta erosketa publikoa palanka bat dira merkaturatze zirkuito laburrak, lehen sektorea eta bertako ekonomiaren garapena egituratzeko.
Bira Euskal Herrian
EAEko aurreneko bilera administrazioetako ordezkariekin izan zen. Hantxe izan ziren Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza saileko zuzendaria, Eusko Jaurlaritzako landa eta itsasertzeko garapen eta Europako politiketarako zuzendaria, eta Hazi eta Elikako ordezkariak. Tamalez, ez zuten parte hartu Hezkuntza saileko ordezkariek.
Arratsaldean “Eskola-jangela eredu berri bateruntz” jardunaldian parte hartu zuen. Bertan, Isère-eko esperientzia ezagutzeaz gain, Santanderreko Cisneros eskolako esperientzia ezagutzeko aukera egon, baita EHIGE eta VSF-ek eskatuta azken honek eta Laia Ekosormena elkarteak egindako ikerketaren lehen emaitzak ezagutzekoa ere. Sektore desberdinetako 85 lagunek parte hartu zuten bertan (IGE, guraso, bertako administrazioak, garapen agentziek, partidu politikoek, GGKE-ek, sindikatuek, jangeletako langileek, eta abar).
Bi bilera egin ziren Nafarroan: INTIA, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Nafarroako Erosketa Publikoaren Mahaia osatzen duten elkarteekin bata; eta ordezkari instituzionalekin bigarrena. Azken honetan izan ziren Landa-garapen, ingurugiro eta administrazio lokalerako sailburua, Osasun publikoko zuzendaria, Hezkuntza saileko ordezkariak eta Nafarroako eskualde desberdinetako alkate eta zinegotziak.
Topaketa guztietan parte-hartze zabala eta jakinmina nabaritu dira Isère-eko esperientzia ezagutzeko; hau da, instituzio publiko batek derrigorrezko bigarren hezkuntzako jangelak bertako produktuen eta produktu ekologikoen erosketa publikoaren bidez nola kudeatzen dituen ezagutzeko.
Argi geratu dena hauxe da: borondate politikoa baldin badago, posible da jangela osasuntsuagoak, bertakoak, justuak eta hezitzaileak lortzea. Erlazionatuta dauden departamentu guztiak kontuan hartzen dituen zeharkako politiken bidez (osasuna, nekazaritza, hezkuntza) eta lehen sektorea eta gizarte zibilaren parte-hartzearekin posible da elikadura sistema lokal demokratikoagoak lortzea.
[1] College: 11-15 urteko ikasleak hartzen dituzten ikastetxeak.