Atxondoko eskolak sukalde berria du eta Atxondoko IGEak antolatutako inaugurazio ekitaldia egin dute. Ekitaldian ikasleak, gurasoak, eskolako arduradunak, Berton Bertokoa dinamikako kideak eta Atxondoko jatetxeetako sukaldariak egon ziren. Azken hauen artean, honako hauek: Akebasoko Iñigo Maguregi, Mendigoikoa Bekoako Jon Iñaki Yurrebaso, Etxosteko Ane Gallastegi eta Txispa jatetxeko Tetsuro Maeda.
Bidea ez da erraza izan, izan ere Durangaldeko beste hainbat herritan bezala, borroka luze baten ostean lortu dute Atxondon sukaldea izatea.
Atxondon denbora luzea daramate eskola elikadura eredu berri bat aldarrikatzen, eta eredu hori herriko ikastetxean txertatu dadin borrokatzen: “Gogoratu nahi doguz egindako aldarrikapen, videoclip, flasmove, abesti, lapiko hotsak, Lakuarako bidaiak eta astebeteko plantoa, umeak egunero eskolatik atera eta herriko plazan bazkaltzen eman genien, herriko
sukaldari eta jatetxeen laguntzarekin (Taberna txiki, Etxoste eta Akebaso jatetxeak)”.
“Eskerrak eman gura dizkiegu ibilbide honetan lagundu diguten guztiei. Gaur egungo eta iraganeko zuzendari, irakasle eta langile guztiei, gure ondoan bide lagun izan direlako eta gure aldarrikapenak beraienak egin dituztelako”, azaldu dute Berton Bertokoa dinamikako eta guraso elkarteko kideek.