Joan den hilean, Gure Platera, Gure Aukera (GPGA) ekimenetik EAEko eskola publikoetako eskola-jantokien egungo egoerari buruz egin genuen azterketa zabaldu genuen. Azken egunotan, katerin-enpresen irregulartasun larriek eskola-komunitateen arteko haserrea astintzen ari dira.
Hernaniko Langile ikastolako familiek elkarretaratzea egin zuten, beren seme-alabei zerbitzatzen dieten eskola-menuaren kalitate eskasagatik sentitzen duten ezinegona salatzeko. Aste pare batean hainbat gertaera kezkagarri izan ostean, ostiralean iritsi zen edalontzia bete zuen tanta. Egun horretan, babarrunak menutik kendu behar izan zituzten egoera txarrean zeudelako, eta haur batek zizare bat aurkitu zuen arrainean. Familiek erabaki zuten seme-alabek etxetik eramandako elikagai «egoki eta osasuntsuak» prestatzeaz arduratzea.
Ostiralean Hernanin gertatutakoaren ondoren, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak Serunion enpresarekin kontratua bertan behera uzteko espedientea irekitzeko agindua eman du, eta, Cadena Ser irrati-katearen arabera, enpresarekiko kontratua deuseztatzeko aukera juridikorik dagoen aztertzeko eskatu du. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak espediente bat ireki du dagoeneko, irailaren 22an Ikasbideko jantokian larbak zuen janaria zerbitzatu ondoren.
GPGAko kide den EHIGEk En Jake (1:09:00) programan egindako adierazpenetan nabarmendu duenez, “familiek ordaintzen dugu, baina ezin dugu erabaki. Enpresen jarraipena eta kontrola egiten ari gara. Ikastetxe publikoen % 25ek baino ez du sukaldea. Buelta bat eman behar zaio egoera honi”.
Horregatik berresten dugu jantokietako arazoa ez dela puntuala, egiturazkoa baizik, eta beharrezkoa dela kudeaketa-eredua aldatzea, deszentralizazio-prozesu batetik igaro behar duena, eskola-komunitateei erabakitzeko ahalmena emanez.
Gure seme-alaben elikadura eta osasuna ez da jolasa!