Joan den ikasturtearen amaieratik, ezin konta ahala dei, kontsulta eta kexa jaso dira BIGE Gurasoen Federazioan eskola-jantokiaren inguruan. Kexa gehienak menuen kalitateari eta kantitateari buruzkoak dira. Azken hilabeteetan jangelei buruz iritsi zaizkien iritzi ugariak berresteko asmoz, IGEei zuzendutako inkesta bat egin dute BIGEn, familiekin eta ikastetxeetako zuzendaritza-taldeekin etengabe harremanetan daudelako.
Helburu nagusia eskola-jantokien egoera ezagutzea izan da, batez ere, menuen kalitateari eta kantitateari dagokienez.
Modu honetan banatzen diren 96 erantzun jaso dituzte:
- Haur eta lehen hezkuntzako ikastetxeetako 75 IGE
- Bigarren Hezkuntzako/Batxilergoko 14 IGE
- Ikastetxe integraletako 4 IGE
- 3 IGE, non jantokiak lehen eta bigarren hezkuntzarako zerbitzua ematen duen.
Jasotako datuen artean, aipatzekoa da jasotako 96 erantzunetatik 83 elkartek aitortu dutela jantokiko zerbitzuarekin gorabeherak edo kexak izan dituztela, guztiak janariarekin lotutakoak.
Gehien errepikatzen diren kexen artean hauek nabarmentzen dira: haragi eta arrain gutxi, aldez aurretik abisatu gabeko aldaketak menuetan, janari eskasia eta kalitate txarra.
50 elkartek, hau da, elkarteen % 60k, uste dute kalitatea eskasa dela.
35 elkarteren arabera, kasu askotan aldaketak izan dira menuetan, aldez aurretik jakinarazi gabe.
Hainbat elkartek eskaintzen den fruta barietate eskasaren berri eman dute, izan ere, gehienetan sagar eta mandarinak baino ez dira banatzen. Ez da sasoiko beste frutarik eskaintzen, eta esneki azukredunak barne hartzen dira.
% 48,78k aitortu du, ikastetxearen bidez edo guraso-elkartetik zuzenean, gorabeherak eta kexak helarazi dizkiotela administrazioari eta catering-enpresei.
Laburbilduz, enpresek eta Hezkuntza Sailak eskola-jantokien egoeraren berri dutela esan dezakegu, baita ikastetxeen eta familien kexen berri ere.
Beste kezka batzuk ere helarazi dizkigute, hala nola:
- Jantokia hezkuntza-eremutzat ez hartzea
- Ratioa, batez ere haur eta lehen hezkuntzan. Hainbat elkartek eskatu dute begirale bakoitzak bere gain ikasle gutxiago izatea.
- Begiraleen prestakuntza falta, bereziki gatazkak konpontzeko.
Inkestaren ondorioak hobeto ezagutzeko: Jantoki inkesta 2023 INFORMAZIO ETA ONDORIOAK