Gure Platera, Gure Aukera talde motorra nortzuk osatzen duten jakin nahi duzu? Atal honetan taldea osatzen duten pertsona guztiak ezagutzeko aukera izango duzue. Gaur Marijo aurkeztuko dizuegu!

 

Nor zara eta ze erakunderen ordezkaria zara GPGAn?

Marijo Imaz naiz, EKOIZPEN Urduña zerbitzuan lan egiten dut, Urduñako udalak duen dinamizazio agroekologikorako zerbitzuan. GPGAan Urduñako udal sukaldea kolektiboa ordezkatzen dut. Urduñako Udal Sukaldea kolektiboa ondorengo eragileek osatzen dute: herri eskolako komunitatea ( eskola, IGE), Udala, lehen sektorea eta komertzioa.

Noiztik zarete GPGAren parte?

Hasieratik parte hartzen du Urduñako Udalak GPGAn.  Udalak 2012an sendotu zuen Bidezko Elikadura eta EHIGErekin zuen aliantza, eta beste eragile batzuekin batera ordutik ari da lanean eskola jantokitik eskola jangelarako trantsizioan.

Zergatik parte hartzen duzue GPGAn?

Urduñak tokian tokiko elikadura sistema jasangarri baten aldeko apustua egin zuen 2006an. Ordutik hainbat proiektu gauzatu dira elikagaien balio kate osoan, eta horietako bat eskolako jangela izan da.

Lanean hasi eta denbora gutxira ohartu ginen bakarrik ez ginela oso urrutira iritsiko eta eragile gehiagorekin elkarlanean indartsuagoak izango ginela. Eta denborak arrazoi genuela erakutsi digu.

Nolakoak izan beharko lirateke zure ustez eskola-jantokiak?

Eskola jantokia eskola jangela izan beharko luke eta ez zerbitzu osagarri bat, hezkuntza programaren  parte bat izan beharko litzateke jantokiko iharduera.

Elikadura osasuntsua eta bizitza aktiboa gure osasunaren oinarria dira, eta jangelan landu behar dira bizitza eredu jasangarria, hori bait da eskolak duen aukera.

Eskola jantokian eskaintzen den elikadura ereduak  garapen jasangarrirako helburuekin bat egin beharko luke (km0 produktuak, ekologikoak, elikagaien zero xahuketa eta abar.). Hori dena elikadura ereduari dagokionean, baina jangela ez da bakarrik elikadura zerbitzua, hainbat atalez osatua dago eta denek izan behar dute helburu amankomuna eraldaketa integrala izan dadin eta ,ondorioz, eraginkorrra.

Ze mezu bidaliko zenioke eskola-jantokiak eraldatzeko bidean dauden edo egon nahi direnei?

Galderak aipatzen duen moduan jangelaren eraldaketa bide bat da, bidea egiten hasi behar gara pausuz pausu. Gure helburura urruti ikusten badugu ere lanean hasi eta jarraitu behar dugu, etenik gabe, hasierako momentu horiek bait dira elikaduraren eraldaketaren oinarri sendoak eraikiko dituztenak. Eskola jangela eraldatzeko eskola komunitate osoak ulertu behar du jangelak eskaintzen dituen aukerak; jangelarako bidea egiteko eskola komunitate sendo bat behar dugu ,hein handi batean, denon parte hartzearekin lortzen dena.