Herriko jangeletan, eskualdeko baserrietan ekoiztutako kalitatezko produktuak sukaldatzea da Azoka Plaza 2.0 proiektu pilotuaren helburua. Modu honetan, kalitatezko elikagaien eskuragarritasuna bermatu nahi da, garaian garaiko produktu osasungarriak edozein herritarren elikaduraren oinarri bilakatuz.
Herriko elikadura sistema lantzen dabilen lantalde hau, Azpeitiko Udalak, Urola Kostako Landa Garapenerako Elkarteak (Urkome), Artxara Kooperatibak (Elikagunea) eta Euskal Herriko Unibertsitateak (Ekonomia eta Enpresa saila) osatzen dute. Talde eragileaz haratago, elikadura katean parte hartzen duten tokiko eragile guztiak nahasi eta indartzeko asmoa zuen proiektuak.
Proiektu pilotuan inplikatutako eragile desberdinen arteko lankidetza ezinbestekoa da. Bai ekoizle, sukaldari, haur, guraso, adineko, zein irakasleek beren lekua aurkitu eta proiektuaren parte izatea.
Jangela kolektiboetara egokitutako produktuak
Proiektu pilotuaren beste gakoetako bat, jangela kolektiboetara egokitutako produktu berrien garapenean oinarritzen da. Berrikuntza eta hobekuntzaren ikuspegitik, menuak, sasoian sasoiko ekoizpenetara moldatzea ezinbesteko baldintza izango da. “Baserritarrentzat gure produktuak bideratzeko leku interesgarriak dira jantokiak. Batetik, urtean zehar mantentzen duten egonkortasunak gure baratzen planifikazioa ahalbidetzen digu. Bestetik, haurren hezkuntzan eta beren etxeetan, bertan ekoiztutako elikagaiak balioan jartzeko leku interesgarriak dira jantokiak”.
Hau da, proiektu pilotu honen funtsa, jangelak tokiko elikadura sisteman txertatzen laguntzean datza, eman beharreko urratsak azaldu, zalantzak argitu eta baliabideak eskainiz.
Azoka Plaza 2.0 proiektuaren dekalogoa
- Bertako baserrietan ekoiztutako elikagaietan oinarritutako elikadura jasangarri baten aldeko apustua
- Tokiko lehen sektoreak eskaintzen dizkigun sasoiko elikagaietara egokitutako menuak.
- Ekoizle eta erabiltzaileen arteko zuzeneko harreman sarea, elikadura kateko eragileen arteko elkarrizketa emankorra
- Lan baldintza duinetan oinarritutako lanpostuak, hasi ekoizle, sukaldari, begirale eta logistikaz arduratzen diren langileentzat
- Jangelak egiten dituzten eragileen eskuetan jarritako erabaki guneak, adostutako gutxieneko baldintzetan oinarritutako kudeaketa eredu zuzena
- Tokiko sukaldeetan sukaldatutako bazkariak, jangeletako sukaldeen baldintza egokiak ziurtatzea
- Ahalik eta merkaturatze bide laburrenetan oinarritutako salmentak, irabazi asmorik gabeko hornikuntza sisteman oinarriturik
- Elikadura kateko eragile desberdinetara heltzen den ikerketa eta formakuntza iraunkorra, uneoroko hobekuntzan oinarrituta
- Dietista profesionalen aholkularitza, adin desberdinetako haurrei osasungarri dagozkien menuak eskaintzeko beharra
- Jangela uneak eta bazkari denborak ikastetxeko heziketa proiektuan txerta-tzea, elikadura jasangarri batek proiektu pedagogikoan izan dezakeen koherentzia bermatu ahal izateko