Kudeakidetzaren eta ikastetxean bertako elikagai agroekologikoak prestatzearen kontra erabiltzen den argudio nagusietako bat da hori garestiagoa dela eta, ikuspegi ekonomikotik, ez dela bideragarria. Beraz, horri dagokionez, gure eginkizuna oso garrantzitsua da; izan ere, argudio horiek indargabetu eta okerrak direla frogatu beharko dugu. Horretarako, datu zehatzak eta informazio gardena erabiliko ditugu.
Hala, prozesuari ekin baino lehen, errealitatearekin eta dauzkagun datuekin bat datorren hasierako aurreikuspen bat egingo dugu. Lan zorrotz eta jarraitua egingo dugu, etengabe hobekuntzak egin ahal izateko.
PROIEKTUAREN BIDERAGARRITASUN EKONOMIKOA KALKULATU
Funtsean, kobratuko ditugun kuotak eta sortuko diren gastuak kalkulatu beharko ditugu. Horrela, egiaztatu ahal izango dugu berezko diru sarrerez gain Eusko Jaurlaritzaren edo, zenbait kasutan, udaletxearen laguntza behar izango dugun ala ez. Hortaz, diru sarrera eta gastu gehienak ezagunak izango dira bideragarritasun azterketa egiten hasterakoan. Lehen ez bezala, catering enpresari zenbat ordaindu behar diogun kalkulatu beharrean gure sukaldean menua prestatzeak zenbat balio duen kalkulatu beharko dugu. Jarraian, egin beharreko urratsak zehatz-mehatz azalduko ditugu: