Instituzio publikoek beren jarrera eta politikak aldatu eta gure eskaerak entzun ditzaten, ezinbestekoa da komunitate indartsu eta antolatu batek instituzioak konbentzitzeko presioa egitea.

Horretarako, bi norabide hauetan lan egin beharko dugu: gizarte mobilizaraztea eta politikan eragiteko estrategiak inplementatzea.

1. Babesak lortu

Gure jantokian eragina duten erabaki eta politiketan eragin ahal izateko, jantokiaren inguruko komunitateak gure proposamenen aldeko jarrera hartzea eta mobilizatzea lortu behar dugu; izan ere, horrela sinesgarriagoak eta sendoagoak izango gara. Beraz, instituzio publikoetara jo aurretik, komunitatearen arreta erakarri eta bere babesa eta konpromisoa lortu behar dugu.

Sartzen den pertsona edo kolektibo bakoitzak gure kausa lagunduko du. Hala ere, gure esperientziaren arabera, gero eta familia gehiagoren inplikazioa lortzea ezinbestekoa da, bai gure helburuak lortzeko, bai hezkuntza-prozesuari eta eraldaketa-prozesuari ikastetxetik kanpo jarraipena emateko. Halaber, erabakigarria izango da kudeaketa-ereduaren aldaketak hartzen duen norabidea, berezko ardura bezala, eta jantokiko arduraduna horrekin konprometitua egotea. Horregatik, eragile horiek mobilizatzeko ahalegin berezia egitea gomendatzen dizuegu.

Gizarte mobilizazioa lortzeko hainbat ekintza egin beharko dugu, besteak beste, eremu publikoak okupatzea eta bertan izatea, gure proposamenaren inguruan salatzeko, aldarrikatzeko, hezteko eta sentsibilizatzeko. Horretarako, honako hauek sustatzea gomendatzen dizuegu: sormena, arlo afektiboa, egunerokoarekiko harremana, tokikoaren eta globalaren arteko loturak, aniztasuna eta pluraltasuna. Sentsibilizazioa eta komunikazioa atalean gure mezuak nola transmititu eta gure komunitatea nola “saretu” azaltzen dugu. Hala ere, hona hemen zenbait adibide:

  • Hitzaldiak eta tailerrak egitea (informazio gehiago laster). Horretarako, ematen dizkizuegun materialak erabil ditzakezue.
  • Dauden hedapenerako materialak erabiltzea, komunitatean zabaltzeko, adibidez, GPGA ekimenaren bideo hau.
  • Berezko materialak sortzea, adibidez, Jangurie ekimenak egindako hau, edo Miribillako eskolako familiek bazterkeriaren aurka eta aniztasunaren alde egindako beste hau.
  • Sare sozialetan profil bat sortzea, informazioa zabaltzeko.
  • Ikastetxeko jolas eremuetan edo egun berezietan parte hartzea eta gure aldarrikapenak azaltzea, adibidez, hezkuntza proiektua atalean azaltzen dugun eskolaz kanpoko jarduera.

Agian, ikastetxe txiki batek ezinezkotzat joko du lege bat aldatzea, baina kontuan hartu zuen aldarrikapenak eta gureak eta beste pertsona eta kolektibo askorenak antzekoak direla. Beraz, lor dezakegu baina, horretarako, altuago eta urrunago heltzen lagunduko diguten aliantzak sortu behar ditugu.

Gaur egun, bada, Gure Platera Gure Aukera (GPGA) ekimena Euskadiko eskola jantokien funtzionamenduaren inguruan dauden salaketa guztiak biltzen ari da, baita jantokiak osasungarri, bidezko, hezigarri, hurbileko eta agroekologiko bilakatu nahi dituzten proposamenak ere. Hala, bere manifestuari atxikitzeko eta politikan eragiteko egiten dituzten jardueretan parte hartzeko aukera duzue.

Gainera, toki batzuetan, zenbait kolektibo antolatu dira eta sarean lan egiten ari dira, beren eskaerak urrunago eraman ahal izateko. Horiek dira, hain zuzen ere, Berton Bertokoa plataformaren edo Jangurie ekimenaren kasuak. Lehenengoa Atxondoko, Abadiñoko, Durangoko, Elorrioko eta Iurretako ikastetxeetako zenbait gurasok osatzen dute eta bigarrenak Urdaibaiko ikastetxe guztiak biltzen ditu.

Estatu mailan, “Plataforma por una Alimentación Responsable en la Escuela” (Eskola Elikadura Arduratsu baten aldeko Plataforma) ekimena ere sortu da. Horrek, eskola jantokien kudeaketa eredua aldatzearen alde egiten du, baita ospitaleetako, egoitzetako eta beste kolektibitate batzuetako jantokiena ere. Honako hau da bere manifestua; horri modu indibidualean edo erakunde bezala eman diezaiokezue babesa.

Beste alde batetik, gure esperientziaren arabera, tokiko administrazioekin aliantzak sortzea oso erabilgarria izaten da estamentu altuagoetara heltzeko. Adibidez, konturatu gara udalaren edo eskualdeko instituzioen babesa duten guraso elkarteek errazago lortu dutela Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailarekin harremanetan jartzea.

2. Gure proposamena zehaztea

Seguru asko, bat gatoz eskola jantoki eredua GPGAk proposatzen duen jantokien karakterizazioaren arabera aldatzeko asmoarekin baina, agian, gure egoera eta eskaerak ez dira berdin-berdinak izango.

Gida honetan, beraz, bi bide hauek proposatzen dizkizuegu: zuen ikastetxean sukaldea ez duzuen horientzakoa eta sukaldea duzuen horientzakoa. Hortaz, politikan eragiteko estrategiak desberdintasunak izango dira instituzioei sukalde bat eraikitzeko baimena eskatzen badiegu, janaria udaleko sukalde zentral batetik ekarri nahi badugu, daukagun sukaldea elkarrekin kudeatu nahi badugu edo beste aukerarik badago. Beraz, lehenbiziko urratsa hori adostea izango da.

3. Nori zuzentzen ari garen aztertzea: botere mapa

Politikan eragiteko estrategiarik onena aukeratze aldera, garrantzitsua da erabakiak hartuko dituzten edo erabakietan eragingo duten pertsona, talde, erakunde eta instituzio horiek identifikatzea eta karakterizatzea. “Botere mapa” bat egitea da hori egiteko modu erraz bat.

Eskema bat non blokeak banatuta dauden eta hiru gezi mota dauden: lehenik, eragile antolatzaileengandik zalantzan dauden eragileengana, xede taldera eta aliantzetara heltzen dena. Horrek adierazten du, estrategiak hiru talde horietara bideratu behar dela ekintza bereizien bitartez. Bigarrenik, aurkakoengandik xede taldera doan gezia eta, azkenik, aliantzetatik xede taldera doana.

Zalantzan dauden eragileak:

 

Eragile antolatzaileak:

 

Xede taldea:

 

Aurkakoak:

 

Aliantzak

Prozesuan parte hartzen duten eragileak bost taldetan banatuko ditugu mapan, nor diren eta jarraian azalduko ditugun beste alderdi batzuk zehaztuz:

Talde hori politikan eragiteko kanpaina burutuko duzuen guztiek osatzen duzue, orain arte mobilizarazi izan dituzuen pertsona guztiek.

Izan daitezke guraso elkartea, klaustroa, jantokiko langileak, kolektibo eta pertsona hornitzaileak, eskualdeko Landa Garapenerako Elkartea, etab.

Hona hemen gure buruari egiteko galdera batzuk:

    1. Zeintzuk dira gure indarguneak eta ahulguneak?
    2. Zer baliabide daukagu politikan eragiteko?

Jantokiari dagozkion politiketan eragiten duten, erabakiak hartzen dituzten edo erabakietan eragina duten horiek dira; hala, instituzioak edo instituzioetako pertsona jakinak izan daitezke.

Ikastetxeetan erabakiak hartzen dituen lehenengo organo bat OOGa da eta, ondorioz, horretara jo beharko dugu. Bere babesa lortu badugu, kontuan hartu behar dugu haur hezkuntzako ikastetxeetan eskumenak udalen eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren artean banatzen direla. Izan ere, lehenengoak instalazioen jabeak dira eta bigarrenak eskolan egiten dena erabakitzen du, jantoki zerbitzua barne. Gainera, zuzenean erabakitzen ez badute ere, udalaren, aldundiaren edo Eusko Jaurlaritzaren beste sailen baten (Osasunekoa, Garapen ekonomikokoa, Ingurumenekoa…) babesa lortzea oso baliagarria izan daiteke, beraz, horiek ere helburu izan beharko lirateke.

Hona hemen gure buruari egiteko galdera batzuk:

    1. Erabaki horiek zer estamentutan eta zer prozeduraren arabera hartzen dituzte?
    2. Zer deritzote gure proposamenari?
    3. Zer informazio dute gaur egungo egoerari eta izan daitezkeen alternatibei buruz?

Gure esperientziaren arabera, maiz, haien inplikazioa lortzeko funtsezkoa izaten da aldatzeko nahiari elkarrekin eustea eta hori modu indartsu eta ilusionagarri batean planteatzea.

Hau da, zuen helburuak babesten dituzten pertsonak, taldeak edo erakundeak. Horiekin taldean lan egin dezakegu helburu horiek lortzeko.

Talde horretan dago, hain zuzen, GPGA, izan ere, hori bestelako eskola jantoki eredu baten aldeko eskaerak eta proposamenak biltzen dituen ekimena da. Hona hemen beste adibide batzuk: Berton Bertokoa edo Jangurie bezalako aliantzak; gure eskaeren modukoak egiten dituzten beste ikastetxe batzuk, zeinekin indarrak batu ditzakegu; edo tokiko kolektibo eta elkarteak, gure helburu berak dituztenak (erakunde sozial eta ekologistak, ekoizpen agroekologikoko kooperatibak, herriko merkataritza elkartea…), etab

Hona hemen horien inguruan gure buruari egiteko zenbait galdera:

    1. Ba al dago koaliziorik ala guk sortu behar al ditugu?
    2. Zer egiteko prest daude?
    3. Zer neurritan egon behar dira konprometituta eta informatuta aliantzak izaten jarraitzeko?
    4. Zeintzuk dira bakoitzaren abantailak eta desabantailak?

Jantoki eredua aldatzearen aurka dauden pertsonak, taldeak edo erakundeak. Horiek ondo ezagutu behar ditugu bere eragiteko ahalmenari aurre egiteko.

Honako hauek izan daitezke aurkariak: catering enpresak, orokorrean, zuen ikastetxekoa bereziki; alderdi politikoak edota ikastetxean botere karguak dituzten pertsonak, beldurragatik edo ez jakiteagatik gure proposamenen kontra agertzen direnak edo horiek boikotatzen dituztenak.

Hona hemen gure buruari egiteko galdera batzuk:

    1. Zergatik daude kontra? Akordioak lor ditzakegu punturen batean?
    2. Zeintzuk dira beren argudioak?
    3. Zeintzuk dira beren interesak, estrategiak eta agenda?
    4. Norengan dute eragina eta nola murriztu dezakegu eragin hori?
    5. Ba al dago punturen batean akordioa lortzeko aukerarik?

Informazio, motibazio edo interes faltagatik gaiaren inguruan jarrera zehatz bat ez duten pertsonak edo taldeak. Horiek konbentzitzea estrategiko da.

Agian, gure eskola komunitateko zati bat egoera horretan izango da. Horrela bada, sentsibilizazio eta gizarte mobilizazio ahalegin handia egin beharko dugu. Era berean, instituzioetako, alderdi politikoetako hedabideetako eta abarreko langileak ere egoera horretan egon daitezke.

Hona hemen gure buruari egiteko galdera batzuk:

    1. Zer erakundek, taldek edo pertsonak du interesa gaian baina ez du jarrerarik hartu?
    2. Zergatik ez dute jarrerarik hartzen? Zer behar dute jarrera hartzeko?
    3. Zer deritzote gure proposamenari? Eta eragile antolatzaileei? Eta aliantzei eta aurkariei?

4. Estrategia eta jarduerak

Behin helburuak zehaztuta eta parte hartzen duten eragileak identifikatuta, jantokian eragiten duten pertsonak eta instituzioak konbentzitzeko estrategiarik onena finkatuko dugu eta honako hauek zehaztuko ditugu:

  1. Jarduerak: zer jarduera, lan edo ekintza egingo ditugu gure estrategiaren helburuak lortzeko.
  2. Rolak aukeratzea: politikan eragiteko lanean behar diren rol desberdinak beteko dituzten pertsonak topatu behar ditugu, esaterako, hedabideen aurrean bozeramaile izango dena, taldeko erabakiak hartzen lagunduko duen bitartekaria, agintariekiko negoziazioan taldea ordezkatuko duena, etab. Rol horiek pertsona batek edo batzuek egin ditzakete, beti horien gaitasunetara egokitzen badira eta taldeko aniztasuna (generoa, jatorria, etab.) sustatzen badute.
  3. Baliabideak: lana egin behar duen pertsona taldeari edota ditugun materialei dagokie, baita daukagun aurrekontuari edo hori nola lortuko dugun ere.
  4. Kronograma: egin beharreko lanak denboran zehar banatuz. Komeni da denbora gehigarri bat izatea, atzerapenei eta ezustekoei aurre egiteko.

Hala, estrategia bakoitza desberdina izango da testuinguruaren arabera. Hala ere, badaude horietan guztietan errepikatzen diren hiru mota. Jarraian, estrategia ohikoenak eta horietan egindako jardueren adibide bat eskaintzen dizkizuegu:

Sentsibilizazioa eta komunikazioa atalean, hedabideen arreta erakartzeko truko batzuk ematen dizkizuegu. Laburbilduz, honako hau komeni da:

Lehenengo urratsa, gure eskura dagoen erabaki organora jotzea da, hain zuzen ere, OOGaz ari gara. Horren babesa lortutakoan, ikastetxearen izenean jardun ahal izango dugu. GPGAk, adibidez, OOGan adosteko proposamen bat egin du. Horren helburua da ikastetxearen izenean Hezkuntza Sailari araudia aldatzeko eskatzea, araudi hori gaur egungo eskaerei erantzuten dien jantoki eredu batera moldatuz. Hemen duzue proposamen hori azaltzen duen dokumentua eta hemen OOGan onartzeko dokumentua.

Bestalde, batzar hori lortzeko lagungarria izan daitekeen beste aukera bat da gure eskariak biltzen dituen manifestu, eskaera edo dokumentu bat egitea eta hori dagokien instituzioei helaraztea. Adibidez, eskatzen duten ikastetxeetan sukalde bat eraikitzera estutzen duen legez besteko proposamen bat onartu zuen Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak. Hori baliatuz, “Ikastetxerik ez sukalderik gabe” ekimenean,  GPGAk eskaera eredu bat egin zuen, ikastetxeek hori deskargatzeko eta Hezkuntza Sailari bidaltzeko. Era berean, Berton Bertokoa osatzen duten 7 ikastetxeek dokumentu bat sortu dute Eusko Jaurlaritzari eta udalari sukaldeak eraikitzea eskatzeko.

Beraz, arduradun politikoekin batzartu ahal izateko, arrazoi sendoak topatu eta babes sozial handia lortu beharko dugu. Adibidez, GPGAk Eusko Jaurlaritzarekin egin dituen harremanetako batzuk honako hauengatik izan dira: eskola jantokiei buruzko ikerketaren aurkezpena, catering enpresek prezioak adostuz egin zuten iruzurra edo azken hileotan arauak aldatzearen inguruan egiten ari den hausnarketa.

Agerraldi horiek indarra erakusteko modu bat izan daitezke, izan ere, proposamenak duen babes soziala erakusten dute. Gainera, jende gehiago atxikitzeko, hedabideen arreta erakartzeko edo dagozkion instituzioak aktibatzeko ere lagungarriak izan daitezke.

Zerbait formala izan daiteke, adibidez, manifestu bat aurkezteko erakundeak eta kolektiboak biltzea, edo aldarrikapenerako abagune ludiko bat balia dezakegu, esaterako, Berton Bertoko ekimenaren jaialdia, edota mobilizazio bat egin dezakegu, adibidez, jantokia hornitu behar zuen sukalde zentralari jartzen ari zitzaizkion oztopoak salatzeko Urduñan antolatutako kalejira.