Asmo hezitzailerik gabeko jantoki-eredu batetik asmo hori duen eta ikastetxe-proposamen eraldatzaile batekin koherentea den beste jantoki-eredu batera igarotzeak lan handia eskatzen du, baita hezkuntza-komunitate osoaren borondatea, prestakuntza, denbora eta konstantzia ere
Horixe da 2019an abiarazi genuen hausnarketa prozesuan elkarrekin ikasi genuen gauzetako bat. Prozesu horretan, Euskal Herriko sei ikastetxetako hainbat irakaslek, ikaslek eta jantokiko langilek parte-hartu zuten. Helburua haien ikuspuntuak, ezagutzak eta proposamenak ezagutzea zen, gida hau eta batez ere atal hau aberastu ahal izateko. Esperientzia horretatik honako hau ikasi dugu: hasteko pizgarri txiki bat besterik ez dela behar. Izan ere, gero, hori hainbat modura jarrai dezakegu, ikastetxe bakoitzak bere erritmoan eta bere erara.
Jarraian, aldaketa-prozesu horretan aurkituko dituzuen erronka nagusiak aurkeztuko dizkizuegu, baita txertatu beharreko esparru teorikoa eta hori egiteko hainbat proposamen ere.
LANDU BEHARREKO ERRONKAK ETA ERRESISTENTZIAK
Oro har, hezkuntza-komunitateek familiei eta ikasleei eskaintzen zaien zerbitzu gehigarritzat hartzen dute jantokia; hau da, Ikastetxearen Hezkuntza Proiektuarekin zerikusia ez duen eremutzat. Janaria segurua izatea eta ikasleek jatea eta modu “egokian” jokatzea dira kezka nagusiak. Ondorioz, eguneko momentu horrek duen hezkuntza-ahalmena gutxiesten da. Izan ere, gaur egungo hezkuntza kategoriatan banatuta dago eta horiei garrantzi gehiago edo gutxiago ematen zaie gaitasun jakin batzuk garatzeko duten “erabilgarritasunaren” arabera. Bereizketa hierarkiko hori ematen da irakatsitako edukietan (adibidez, zientzien eta letren artean), metodologietan (kontzeptualizazioaren eta esperimentazioaren artean) eta ikasketa-giroetan ere (gelaren eta jantokiaren edo baratzaren artean). Eta, are gehiago, bereizketa horrek gizarteak kategoria bakoitzarekin lotzen dugun pertsonei emandako tratuan edo balorazioan ere eragiten du. Beraz, hezkuntzan ere, kapital-bizitza gatazka areagotzen da. Horrek, esaterako, lan erreproduktiboa lan produktiboaren azpian kokatzen du, generoko rolak eta estereotipoak indartzen ditu eta pertsonak eta natura zaintzearen garrantzia gutxiesten du.
Testuinguru horretan, bada, zaila izaten da irakasleek jantokian edo baratzean gertatzen denarekiko lotura lantzea. Gainera, legez, jantokiko denbora irakasleen denbora librea da eta horrek zailago egiten du irakasleak inplikatzea eta hori beren arduretatik kanpo dagoelakoaren ikuspegia gainditzea. Aldi berean, ikastetxe gehienetan, klaustroak nekazaritzari eta elikadurari buruzko gaiak txertatzen dituzte hezkuntza-curriculumean, baina nagusi den nekazaritza- eta elikadura-sistemaren eta planetako gizarte- eta ingurumen-arazoen arteko kausa-efektu harremanak sakon landu gabe; eta ez dira elikadura burujabetza bezalako proposamenak aurkeztera heltzen. Ikasleen artean pentsamendu kritikoa eta eraldatzailea sustatzea borondatezko kontu bat bihurtzen da eta, hortaz, gizarte-erakundeek edo inplikazio eta konpromiso handia duten irakasleek ahalegin handiz sustatutako programak beharrezkoak izaten dira horretarako.
Beste alde batetik, begirale-hezitzaileek[1] burutzen duten jarduera zaintzari lotuta dago sozialki eta, hortaz, oso feminizatua dago. Genero-joera handia eta balorazio sozial eskasa duen lanpostu bat da. Horrek, bada, lan-baldintza eskasak dakartza, oso ratio altuak, behin-behinekotasun handia, txandaketa eta lanaldi oso murriztuak eta, ondorioz, langile horiek hezkuntza-autoritate gutxiago eta ikastetxean eragiteko gaitasun txikiagoa izatea dakar (erabakitzeko espazioak, funtzionamendu-arauak, etab.). Normalean, hezkuntza-funtzioa ez duen kolektibotzat jotzen da, eskola-curriculumean erabakigarria ez dena, eta, hortaz, prestakuntza heterogeneoko langileak dira. Hala, jantokiko arduraduna funtsezko beste figura bat da. Zentzu horretan, hark nekazaritza- eta elikadura-sistemaren funtzionamenduari buruzko prestakuntza eskasa edo aldatzeko motibazio gutxi badu, horrek jantokiak asmo hezitzaile bat izatea oztopatuko du. Antzeko zailtasun bat ikus dezakegu hezkuntza-ereduaren eraldaketa, klaustroa edo jantokiko langileak inplikatu gabe, zuzendaritzatik edo OOGtik soilik sustatzen duten ikastetxeetan,. Are gehiago familiak ez badira inplikatzen, horrek prozesuaren irismena eta eskola, familia eta komunitatearen arteko jarraitutasuna mugatzen baitu.
Eragileak haien artean nola antolatzen diren ere aldaketa-prozesuaren erronka bat da. Asko falta da oraindik zeharkako modu batean lan egiteko eta ia ez dago harreman-eremurik irakasleek, jantokiko langileek, administrazioak eta familiek elkarrekin hausnartzeko eta koordinatzeko. Halaber, jantokiari dagokionez, ikasleen iritzia ez da kontuan hartzen eta ez da haien inplikazioa asko sustatzen. Ez du batere laguntzen, noski, irakasleek, jantokiko langileek eta familiek duten denbora faltak eta jantokiko langile horiek duten gizarte-aintzatespen txikiak. Halaber, ikastetxe askotan, beren egoera dela eta, hezkuntza-eredua berrikusteari denbora eman ordez, bizikidetza– eta ikasketa-arazoak konpontzea lehenetsi behar izaten dute. Bestalde, jantokiaren hezkuntza-ahalmena aintzat hartzen ez den bitartean, ez da kontuan hartuko giro-motak, azpiegiturek, denborek edo lan-antolaketak ikasleengan duten eragina.
Hala ere, ikastetxeak aldatzeko apustua egiten duenean ere, eraldaketa eta moldaketa prozesuaren zailtasunei aurre egin behar izango dizkio. Horien artean honako hauek aurkituko dituzue, seguru asko: administrazioaren interes eta laguntza falta eta gaur egungo araudian proposamenetako batzuk ezartzeko dauden oztopoak. Gainera, neurriak hartzea komeni da, bai hezkuntza komunitatean sortuko diren erresistentzia eta beldur logikoei aurre egiteko, bai gehiegizko lan-kargak, bakardade-sentsazioa edo eragile batzuen nekea saihesteko.
_________________
[1] Gure ustez, begirale izendapenak, aintzat hartu eta sustatu nahi dugun hezkuntza-dimentsioari ez ikusia egiten dio; nahiz eta langile horiek heziketa-jarduerak egin ohi dituzten eta askok eskarmentu handia duten. Era berean, ez diegu hezitzaile bakarrik deitzen ez baitute agian beren burua horrekin identifikatuko. Horregatik, begirale-hezitzaile deitzea erabaki dugu.
IKUSPEGIA ZABALTZEA BESTE HEZKUNTZA-EREDU BATZUK SUSTATZEKO
Joera horiekin amaitzeko eta hezkuntza-proiektua ezartzeko, honako lau kontu hauek landu beharko ditugu, batera eta haien arteko koherentziaz:
- Jantokia hezkuntza-eremu bat da. Irakaskuntza-ikasketa prozesuak ez dira ikasgelan soilik gertatzen. Jantokia jangela ere izan daiteke[1], non jateaz gain, ikasten den. Hala, teoriaren eta praktikaren arteko lotura sortzen da, ikasketa integral eta emantzipatzailea sortzen duena.
- Elikadura burujabetza hezkuntza-curriculumean txertatzen da. Elikadura pertsona guztioi dagokigu eta, hortaz, ikastetxeetan honako galdera hauek landu beharko genituzke: zer dago horren atzean, nola funtzionatzen du munduko elikadura sistemak, zer nolako ondorioak ditu eta zer alternatiba dugu.
- Bizitzaren iraunkortasunaren paradigma oinarri bezala. Ikuspegi hori duten hezkidetza-ekimenak garatzea baliagarria izango da pertsonen eta naturaren, hau da, bizitzaren zaintza gure gizarte-antolaketaren erdigunean jartzearen garrantzia defendatzeko eta hori ikastetxean ematen diren prozesu guztietara hedatzeko.
- Hezkuntza-komunitatearen zeregina funtsezkoa da. Bere parte-hartzeak eta inplikazioak hezkuntza-proiektu eraldatzailea sustatuko dute, jantoki-eredu aldaketa egituratuko duena.
[1] Euskaraz jantokia eta jangela hitzek esanahi bera duten arren, kasu honetan gela hezkuntzan duen zentzuarekin erabiltzen dugu, ikasgela gisa, alegia.
Kontu horiek ahalmen pedagogiko izugarria dute; izan ere:
- Curriculumean zeharkako lan bat egiteko aukera ematen dute. Lotura zuzena dute hainbat irakasgairekin eta hainbat modura landu daitezke, ez soilik eremu edo irakasgai jakinetan.
- Modu erraz batean, edukiak sekuentziatzeko aukera ematen dute, hau da, hezkuntza-etapa eta -ziklo desberdinetan zehar txertatuz.
- Diziplinarteko lana sustatzen dute; izan ere, hainbat irakasgaiko edukiak hartzen dituzte eta horiek batera eta modu integratu batean landu daitezke.
- Ikastetxeko proiektu desberdinak (Eskola Agenda 20-30, hezkidetza, komunitate-lana, osasuna, etab.) ikuspegi integral batetik lantzen lagun dezakete .
- Bizipenetik ikasteko aukera ematen dute, sentituz, probatuz edo egunerokoan bizi duten zerbait aztertuz.
- Lotura zuzena dute ikasleen errealitatearekin eta, hala, eskolako ikasketa eta eguneroko bizitza lotzen dituzte.
- Ikasleek komunitatearen bizitzan eragin dezaten ahalbidetzen dute.
- Balioak eta zeharkako ikuspegiak txertatzea ahalbidetzen dute, hala nola genero-ikuspegia, iraunkortasuna, kulturartekotasuna edo giza eskubideak.
- Hezkuntzari ekintza eraldatzaile eta politikoko osagarri bat ematen diote.
NOLA EMAN TRANTSIZIORAKO URRATSAK
Atal honetan aurkituko dituzue ikastetxeetan identifikatu diren zenbait alderdi; baita prozesuari ekiten lagunduko dizueten ideiak eta baliabideak ere.
Hezkuntza-planteamendua aldatzeko apustuarekin hasteko, lehenik, klaustroak, familiek, janokiko langileek eta, jakina, ikasleek ikastetxearen bizitzan eta erabakietan parte hartzeko duten eskubidea sustatu beharko dugu.
Hezkuntza-komunitate osoa baturik lan egin dezan honako hau behar dugu:
1. ELKARRIZKETA- ETA KOORDINAZIO-EREMU PARTEKATUAK SUSTATU
- Hezkuntza-eragileen artean. Funtsezkoa da talde bezala lan egitea eta harremanak hobetzea. Egokiena litzateke irakasleek eta jantokiko langileek egunero hitz egiteko eremu bat izatea. Une formalak (begirale-hezitzaileak klaustroko bileretara gonbidatuz, adibidez) eta informalak (adibidez, otorduak elkarrekin eginez) partekatzeko moduak zehaztu ditzakegu.
- Hezkuntza-komunitatearen baitan. Elkar ezagutzeko, konfiantzazko eta hurbiltasunezko dinamika bat sustatu behar dugu familien, irakasleen, ikasleen eta jantokiko langileen artean, denboran zehar luzatzen dena. Ikasturte hasieran, elkar ezagutzeko eremu partekatu batekin has gaitezke, edo ikasleen eta begirale-hezitzaileen arteko harremana sakontzeko uneak antolatuz, adibidez. Komeni da kolektibo guztiak lantalde batean ordezkatuta egotea, esate baterako, jantokiko batzordean. Halaber, lagungarria izango litzateke nahi duten irakasleek ikasleekin batera bazkaltzea ere. Horrela, irakasleek jantokia ezagutu eta bertan ikasleek nolako harremanak dituzten ikusi ahal izango dute eta hori gelako lanarekin lotzeko eta ikasleekin eta jantokiko langileekin duten harremana hobetzeko aukera izango dute.
- Beste eragile batzuen parte-hartzea. Inguruko gizarte-kolektibo eta -mugimenduekiko harremana sustatzea lagungarria izango da gure proposamenak ezartzeko eta ikastetxea tokiko errealitatera eta bere problematiketara hurbiltzeko. Halaber, laguntza-sareak sor daitezke. Gainera, udalak, administrazioek edo baserritarrek egiten ari diren antzeko ekimenekin bat eginez, gure lana indartu dezakegu.
Zalantzak, kezkak, motibazioak eta ardurak partekatzeko eremu horiek guztiak bereziki garrantzitsuak izango dira jantoki-ereduaren aldaketa- eta egokitzapen-prozesuan, horretan komunikazio-premia handiagoa baita.
Honako ekintza hauek lagungarriak izan daitezke: irakasleen ordutegiak berrantolatzea, begirale-hezitzaileen jardunaldia luzatzea, langile-kopurua handitzea kasu bietan eta/edo irakasleentzat menuen prezioa murriztea. Hori guztia Eusko Jaurlaritzaren esku dago eta, hortaz, eragin politikoa beharko dugu hori lortzeko.
2. KOORDINAZIORAKO FUNTSEZKOAK DIREN FIGURAK SUSTATU
- Jantokiko batzorde hezitzaile eta aktiboa. Gaur egun, ikastetxeek ez dute zertan jantokiko batzordea eduki eta hura dutenean ere, horretan familiek, ikasleek (DBHko lehenengo ziklotik aurrera), zuzendaritzak eta jantokiko arduradunak besterik ez dute parte hartzen. Guk batzorde bat sortzea eta horretan hezkuntza-komunitateko eragile guztiek parte hartzea proposatzen dizuegu. OOGak hura gainbegiratuko luke eta horren eginkizunak eta izango lituzkeen baliabideak erabakiko lituzke. Hala, batzordea koordinazio-figura izan zitekeen eta honako hauek sustatu: trantsizio-prozesua, hezkuntza-neurriak, jantokiko eginkizunak antolatzea, prestakuntzak zehaztea, jantokiko arauak, gatazkak konpontzea, aintzatespen neurriak, etab.
- Jantokiko arduraduna. Profil honetan jartzen de pertsona karakterizazioan lantzen diren alderdiekin sentsibilizatuta egotea, prestakuntza edukitzea eta jantoki hezigarri baten aldekoa izatea komeni da, prozesua bultzatzeko. Erabakigarria izango da, halaber, bere koordinazio-lana nola garatzen duen. Jantokiko arduradunak, jantokian gertatzen dena jakitera emateko asmoz, ikasleekiko, familiekiko eta klaustroarekiko komunikazio-eremuak indartu dituenean eman dira esperientzia positiboenak. Aldi berean, gelan sortzen diren kexak eta iradokizunak ere jantokira eraman ditzake. Azkenik, begirale-hezitzaileekin sortzen duen harremana konfiantzazkoa eta elkarri errespetatzekoa izateak eragin positiboa izan dezake.
3. HAUSNARKETA ETA EZTABAIDA SUSTATZEA
Komunitateak landu beharreko hainbat gai daude, familiak ahaztu gabe. Zenbait kasutan, eremu bereizietatik landu beharko dira eta, beste zenbaitetan, eremu partekatuetatik, hausnarketa sustatzeko eta ikastetxeari komeni zaizkion estrategiak ezartzeko. Hona hemen gai horietako batzuk:
- Zer da jantoki hezigarri/hezitzaile bat?
- Nolakoa da nahi dugun hezkuntza-eredua?
- Zeintzuk izan daitezke jantokiko arauak?
- Nola txertatu Ikastetxearen Hezkuntza Proiektuan (IHP) karakterizazioan landutako alderdiak?
Eragileek gurutzatzen diren hezkuntza-eremuetan izan lezaketen zeregina (adibidez, baratzean, eskolaz kanpokoetan, janarira egokitzean, etab.).
Ikasleak ikastetxearen ardatza dira, hezkuntza-prozesuaren protagonistak. Beraz, neurri handi batean, ikasketa haien eragiteko, ardura hartzeko eta erabakitzeko gaitasuna indartzera bideratu behar dugu, haien ikasketak komunitatean eragingo duela kontuan hartuz.
Horretarako, bada, elikadura-prozesuarekin lotutako hezkuntza-jardueretan parte-hartze aktiborako mekanismoak sustatu behar ditugu: lurra lantzea, ikastetxeko baratzean elikagaiak haztea edo errezetak eta menuak prestatzen laguntzea; baita janariak zerbitzatzea, mahaiak batzea edo jantokiko hondakinak birziklatzea ere. Alde horretatik, esperientzia arrakastatsuak daude Euskal Herrian, non ikasleek, irakasleekin batera, jantokiko langileei lagundu dieten eta beren zereginetako batzuk bete dituzten. Horri esker, gehiago errespetatzen dute haien lana, baloratzen dute jasotzen duten janaria eta IHPren arabera lan egiten dute.
Eredua-aldaketara egokitzeko denbora eta dedikazioa beharko dute. Izan ere, ez da janari mota soilik aldatuko (errezeta, osagai, zapore eta testura berriak), baizik eta jantokiko giroa ere (asmo hezitzailea). Prozesua laguntzeko, jantokiko langileen, irakasleen eta familien arteko koordinazioaz gain, komeni da ikasleak prozesu osoan inplikatzea. Beren iritzia eta balorazioa jaso ahal izango dugu alderdi askoren gainean (menuak, giroa, harremanak, arauak, denbora, gatazkak, etab.). Haien ekarpenak aintzat hartzen eta prozesuaren partaide egiten ditugun heinean, haien inplikazioa handituko da eta aldaketaren aldeko jarrera izango dute.
Gainera, jantokian txandak, arduradunak eta zereginak zehazteko prozesuan eta ikaskideen arteko errespetua sustatzeko moduak proposatzen parte har dezaten komeni da. Funtzionamendu-aldaketa hori gauzatzeko ez da beharrezkoa menua aldatzea edo kudeakidetzarako pausoak ematea; izan ere, hori dagoeneko susta daitekeen ekimena da, IHPari dagokiona. Nolanahi ere, oreka bilatu beharko dugu haien parte-hartzearen eta lasai jan ahal izatearen artean.
Azkenik, kontuan hartu behar dugu beste edozein partaidetza-prozesutan bezala, eta are gehiago adingabeen kasuan, arreta berezia jarri behar diogula aniztasuna kudeatzeko eta berdintasunezko tratua sustatzeko mekanismoak eta baldintzak emateari (adibidez, beste haur batzuek, kultura- edo osasun-arazoengatik, menu bereziak jasotzen dituztela normalizatzea edo jantokiko lanen banaketan genero-rolak eta -estereotipoak errepikatzen ez direla bermatzea).
Prozesuaren arrakasta ikastetxeko talde hezitzailea (irakasleak eta begirale-hezitzaileak) sentsibilizatzeko eta trebatzeko eta beren lana aintzat hartzeko dugun gaitasunaren araberakoa izango da:
1. ETENGABEKO KOMUNIKAZIOA ETA SENTSIBILIZAZIOA
Beharrezkoa izango da hezkuntza-eragileekiko komunikazioa eta sentsibilizazioa lantzea, haien ahalduntzea lortzeko eta:
- Aurrean duten problematikaren gaineko kontzientzia hartzeko.
- Jantokia eta bertako langileak ulertzeko modua aldatzeko.
- Hezkuntza-eredu berrian eragile bakoitzaren prestakuntzaren garrantzia ulertzeko.
- Aldaketak ekarriko lituzkeen onura ugariak identifikatzeko (komunitatearen eta ikasleen gizarte- eta hezkuntza-eraldaketarako, baita ikastetxearen ospea edo taldeen arteko giroa hobetzeko ere).
- Beldurrak eta frustrazioak kudeatzeko eta aldaketa- eta egokitzapen-prozesuan izan daitezkeen erresistentziak murrizteko (ideologia-sinesmenak edo lan-egoeragatiko edo ikasi beharrekoagatiko kezkak).
- Haien inplikazioa eta prozesu kolektiboaz jabetzea sustatzeko.
- Ardurakidetza orekatu bat sustatzea klaustroaren, zuzendaritzaren, jantokiko langileen eta familien artean.
Sentsibilizazioa eta komunikazioa atalean hori lortzeko trenak eta baliabideak aurkituko dituzue.
2. PROZESURA EGOKITUTAKO PRESTAKUNTZA
Funtsezkoa da hezitzaileek beren zeregina betetzeko denbora nahikoa izatea eta prestakuntza egokia eta kalitatezkoa jasotzea, honako hauetarako:
- Jantokia hezkuntza-eremu bihurtu. Zentzu horretan funtsezkoa da begirale-hezitzaileek heziketarako prestakuntza homogeneoa edukitzea eta honako hauei buruzko eduki espezifikoak jasotzea: elikagaien jatorria eta ezaugarriak, nutrizioa, pedagogia, emozioen kudeaketa, gatazkak konpontzea, aniztasuna kudeatzea eta hezkidetza.
- Curriculuma integratu eta berrantolatu, baita ikuspegiak eta metodologiak berrikusi ere, elikadura burujabetza edo hezkidetza bezalako proposamenak txertatzeko, aniztasuna lantzeko eta ikasleak subjektu aktiboak eta askeak izan daitezen sustatzeko. Klaustroarekin lan egin beharko da gai horiek ikasgeletan txertatzeko; izan ere, hori ezin da banakako konpromisoaren edo jarreraren menpe egon, baizik eta batera landu eta aldaketa horiek ikastetxe osoan finkatzen eta normalizatzen joan beharko dira.
- Jantokiaren kudeaketa-aldaketa sustatu. Jantokiko arduradunak bere karguak eskatzen dituen zereginak betetzeko prestakuntza espezifikoa beharko du, jantokia Ikastetxeko Hezkuntza Proiektuan txertatzen duen ikuspegi batekin.
Kontuan hartu behar dugu araudiak taldearen eta jantokiko arduradunaren prestakuntza-orduak mugatzen dituela, eta horiek oso gutxi direla. Beraz, eragin politikoa behar dugu Eusko Jaurlaritzak hori alda dezan. Hala ere, zenbait ikastetxek emaitza onak izan dituzte jantokiko langileei klaustroko prestakuntzetan parte har dezaten gonbidatuz. Egia da, ordea, gehienek ordutegi arazoak izaten dituztela; izan ere, hain lanaldi laburrak dituztenez, begirale-hezitzaileek beste enplegu batzuk izaten dituzte eta horiek prestakuntza-ordutegiekin kointzidi ditzakete.
3. OSPATZEA ETA HAIEN HEZIKETA-LANA AINTZAT HARTZEA
Hezkuntza-eragile guztiek prozesuan duten ezinbesteko papera baloratua, errespetatua eta aintzat hartua izatea sustatu behar dugu. Horretarako, ospatzeko uneak sar itzazue zuen plangintzan, baita hezitzaileen esfortzua eta ardura aintzat hartzeko uneak ere. Horrela, askotan izaten duten bakardade, neke edo larritasun sentsazio hori arinduko dugu. Hori bereziki garrantzitsua da kudeaketa-eredu berrirako trantsizioan, egoerak aparteko ahalegina eskatuko baitie (sukaldeko langileek errezeta berriak prestatu behar dituzte; begirale-hezitzaileek ikasleak lagunduko dituzte errezeta berri horiek dastatzen eta horietara ohitzen; ikasleek aldaketak jasan beharko dituzte; irakasleek beren edukiak eta metodologiak aldatu beharko dituzte; familiek ardura handiagoa izango dute; etab.).
Aintzatespen horrek, bada, ardurakidetza ekar dezake. Adibidez, familiok elikadura-aldaketa lagun dezakegu, gure seme-alabekin horri buruz hitz eginez eta etxean ere elikadura osasungarria sustatuz. Horrela, errazago egingo zaie ohitura berri horiek hartzea.
Jantokia eraldatzeko ez da nahikoa bertan zerbitzatzen den janari-mota aldatzea; bazkalorduan dagoen giroa ere aldatu beharra dago. Hona hemen proposamen batzuk:
1. JANTOKIKO ARAU HEZIGARRIAK SORTZEA
Zenbait ikastetxeetan irakasleekin, jantokiko langileekin eta ikasleekin egindako hausnarketa-prozesuetan, jantokiko arauen zentzuarekin, beren ondorioekin edo ikuspegi hezigarri batetik sortzen diren funtzioekin lotutako kontuak eztabaidatzeko eta adosteko beharra hauteman dugu. Akordio horiek ikastetxe bakoitzak lortu behar ditu, bere errealitatearen arabera, parte hartze bidez eta ahalik eta adostasunik handienarekin. Jantokiko batzordean eta berariaz sortutako beste espazio batzuetan sor daitezke, irakasleen, jantokiko langileen, ikasleen eta familien parte-hartzearekin. Horietan, bada, talde bakoitzak (ikasleak barne) bere gain hartzen dituen ardurak ere ezarriko dira. Garrantzitsua da ardura horiek idatziz jasotzea, adostutako irizpide eta moduekin batera, horien jarraipena bermatzearren, pertsonak aldatzen badira ere.
Erantsitako testu honetan hainbat ikastetxetan egin dituzten balorazio eta proposamenak eta ikasleek beren gain hartu dituzten lan mota batzuk azaltzen ditugu. Horiek zuen arauetan sar ditzakezue, egoki iritziz gero.
2. AZPIEGITURAK, MATERIALAK ETA DENBORAK MOLDATZEA
Lasaitasuna eta giro lasaia eta estres gabekoa funtsezkoak dira elikadura ona izateko eta hezkuntza-prozesua sustatzeko. Horrek bazkaltzeko eta jolastokian jolasteko denbora nahikoa izatea eskatzen du. Horretarako, funtsezkoa da jantokiko zereginak antolatzea eta zarata eta liskarrak saihestea. Gainera, lagungarria izan daiteke ordutegiak luzatzea edo presa saihestea, bazkalostean eta jarraian eskolaz kanpokoak ez jarriz.
Espazioa antolatzeari dagokionez, ikasleak antolatzeko esperientzia anitz daude: beren lagunekin bazkal dezaten uztea; mailak nahastea; maila txikienak maila handiekin nahastea eta azken hauek zerbitzatzea, adibidez. Komeni da zuen ikastetxera hobekien egokitzen den hori aukeratzea, ikasleen iritzia kontuan hartuz.
Jantokiaren espazio fisikoa, hala nola azpiegiturak, materialak, altzariak edo antolamendua birpentsatzen ari diren ikastetxeetan, gunea atsegina izan dadin saiatuko gara, parte hartzea eta ikasketa lagun dezan eta, noski, bertan bazkalduko duten pertsona kopuruarentzat egokia izan dadin. Ikastetxe batzuetan mahai borobilak eta aulki altuak dituzte; beste batzuetan, bi urteko haurrek gelako txokoetan bazkaltzen dute, lasaitasuna sustatzeko; hormetako kolorea alda dezakegu, baxera mota, langileen uniformeak, etab., Jolas-orduan erabiltzen dituzten materialak eta horiek nola zaintzen diren ere eztabaidatu beharra dago asmo hezitzailea duen espazio batean. Halaber, denbora hori hezkuntza irizpideen arabera nola banatzen den baloratu beharra dago. Adibidez, jolastokian txandak ezarri (futbolerako, liburuak irakurtzeko, jolas kolaboratiboetarako, baratzerako,…). Jolastokiak aukera anitz ematen ditu bizikidetza edo ekitate kontuak sustatzeko.
3. IKASLEAK/JANTOKIKO LANGILEAK RATIOAK HOBETZEA
Eusko Jaurlaritzak ezartzen dituen ikasleak/jantokiko langileak ratioak jaistea defendatu behar dugu, gaur egungo ratioekin zaila baita kalitatezko laguntza ematea, jantokiko giroa hobetzea eta hezkuntza-zereginek eskatzen duten denbora ematea. Premia hori handiagoa da jantoki-eredua aldatzeko eta egokitzeko prozesuan
Beste alde batetik, beharrezkoa da lanaldiak luzatzea, hezkuntza-premiak asetzearren eta beste hezkuntza-eragileekin koordinatzeko eta ikasleekin harremanak izateko eremuak sortzearren. Sar zaitezte gizarte mobilizazioa eta politikan eragitea atalean horri buruzko ideiak aurkitzeko.
Lan egin beharra dago ikastetxeko proiektu, ekimen eta giro guztietan (jantokian ere) ematen diren ideien, baloreen eta moduen artean lotura bat egon dadin. Eskarmentua duten ikastetxeek gomendatzen dute jantokiko batzordearekin koordinatzen den talde hezitzaile bat sortzea, irakasleek eta begirale-hezitzaileek osatua. Horrek prozesua sustatuko du eta klaustroaren bileretara ideiak, proposamenak eta galderak helaraziko ditu. Karakterizazioaren alderdiak Ikastetxearen Hezkuntza Proiektuan sartzen diren heinean, talde horrek indar handiagoa izango du. Halaber, jantoki-eredua kudeakidetzarantz aldatzen de heinean prozesua errazten joango da.
1. GELA-BARATZA-JANTOKIA HIRUKOA
Gero eta ikastetxe gehiagok hezkuntza-baliabidetzat erabiltzen dute eskola-baratza, horrek aukera anitz eskaintzen baititu irakasgaiak lantzeko, gaitasunak garatzeko edo nekazaritza- eta elikadura-sistemari buruz sentsibilizatzeko. Oro har, ikasleak ondo moldatzen dira eremu horretan. Hortaz, zuen ikastetxeak ez badu baratzerik, interesgarria litzateke bat sortzea.
Horren iraunkortasunaren erronka gainditzeko (eskatzen duen denboragatik eta lan gehiena udan delako) eta horren ahalmen hezigarria ahalik eta gehien baliatzeko, beharrezkoa da komunitatea inplikatzea, modu errazenean. Aukera bat izan daiteke familiak baratza mantentzeko lanetan inplikatzea eta bertan produzitutakoa disfrutatzeko aukera izatea. Zaintza hori egiteko beste aukera bat da tokiko administrazio edo kolektibo batekin hitz egitea (udala, Lanbide Heziketako zentro bat, auzo-elkarte bat, jubilatuak, etab.). Eskolaz kanpoko jarduera baten bitartez ere indar dezakegu jarduera hori.
Zentzu horretan, erronka bat da gelako, baratzeko eta jantokiko lana integratzea, ikastetxeko hiru eremu horiek lantzen dituzten proiektuen bidez lan egitea sustatuz. Hori zailagoa izaten da maila handienetan. Zentzu horretan, hezkuntza-eragileen arteko lankidetzaren garrantzia azpimarratzeaz gain, atal honetako baliabideei buruzko puntuan, zeregin hori errazteko hainbat material aurkituko dituzue.
Azkenik, baratza gure IHPra hurbiltzeko hainbat modu daude, baita baratzerik ez duzuen ikastetxe horietan ere. Horretarako Dakiguna jaten dugu! bezalako baliabideak eta materialak lagungarriak izan daitezke.
2. IKASTETXEAN EGITEKO EKINTZA ZEHATZAK
Zuen ikastetxean ekintza puntualak edo jarraituak egin ditzakezue. Horiek sormena eskatuko dute, baina hona hemen dagoeneko egin diren adibide batzuk:
- Eskolaz kanpoko jarduerak. Guraso Elkarteak gai horrekin lotutako hainbat jarduera egin ditzake, hala nola produktu agroekologikoen dastaketa. Horretan, adibidez, supermerkatuko jogurtak eta jogurt agroekologikoak konpara ditzakegu.
- Elikaduraren nazioarteko eguna ospatzea (urriak 16), baita erreferentziazko beste egun batzuk ere, erakusketen, jolasen, tailerren eta abarren bitartez gai horiek lantzeko.
- Erakusketak eta materiak didaktikoa. Egiten ditugun eskolaz kanpoko jarduerak, bisitak edo ospakizunak baliatuz, argazkiak, panel didaktikoak edo ikus-entzunezko materialak sor ditzakegu. Gelako proiektu gisa egin, jantokian ikusgai jarri edota udalerrian aurkeztu daitezke.
- Eskolako bloga. Elikadura Burujabetzaren aldeko blog bat sor dezakegu ikastetxean, ikasleek kudeatuta.
- Elikadura txokoa. Txoko berdearen ideiari jarraituz (ikastetxe askotan dagoen txokoa da, ingurumena zaintzearen garrantziari buruz kontzientziatzeko helburua duena), elikadura txoko bat sor dezakegu. Horrela, gelan landutakoa jantokira eraman ahal izango dugu.
3. ESKOLAREN ETA INGURUNEAREN ARTEKO LOTURA
Gure komunitateko eragileen arteko harremana eta elkarrizketa sustatuko dituzten ekintzak egin ditzakegu, haiek jantoki-ereduaren aldaketa-prozesuan ekarpen handiak egin baititzakete. Horren bitartez, bada, ikasketa biderkatu ahal izango dugu, ikastetxea benetako bizitzarekin lotuz. Zentzu horretan, honako ideia hauek aplikatzen ari dira, besteak beste:
- Baserriak edo artisau-elaborazioak egiteko instalazioak bisitatzea. Bertan, baserritarrek beren baratzak erakutsiko dituzte; animaliak nola hazten dituzten, laboreak nola zaintzen edo elikagaiak nola ekoizten. Bisitan jantokia dekoratzeko argazkiak, gelan erabiltzeko haziak edota esperimentatzeko elikagaiak eskura ditzakegu.
- Herriko edo eskualdeko kontsumo-talde eta kooperatibak bisitatzea. Horietako kideek beren printzipioak, funtzionamendua edo etorkizuneko ikuspegia azalduko dizkigute. Ikastetxean gurasoen kontsumo talde bat ere sor daiteke, aldi berean ikusgarritasuna izango duena eta hezkuntza jarduerari lagunduko diona.
“Alimentaccion: Landa ingurua sustatzeko eskolen sarea” Bidezko Elikadura erakundeak 2010ean sortutako gizarte- eta hezkuntza-programa bat da, gaur egun, HEGOA Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari Buruzko Ikasketa Institutua laguntzaile duena. Programaren web orrialdean batez ere hezkuntza-eragileei zuzendutako material didaktiko ugari aurkituko duzue, gelatik kanpo ere erabilgarria dena. Hona hemen nabarmendu nahi ditugun zenbait baliabide:
- Lehen Hezkuntzarako esparru teoriko pedagogikoa (Alimentacción) Hezkuntza kritikoa eta eraldatzailea. Lehen Hezkuntzako zentroetan elikadura burujabetza genero ikuspegitik txertatzeko esparru teoriko-pedagogikoa
- Dakiguna jaten dugu! (Alimentacción) Ortua, jantoia eta gela ikastetxean bertan eta inguruarekin integratzeko proposamena. Lehen hezkuntzako 5. eta 6. mailarako curriculum-exenplifikazioa
- Bigarren Hezkuntzarako esparru teoriko-pedagogikoa (Alimentacción) Hezkuntza kritikoa eta eraldatzailea. Bigarren Hezkuntzako zentroetan elikadura burujabetza genero ikuspegitik txertatzeko esparru teoriko-pedagogikoa
- Bigarren Hezkuntzarako curriculum-exenplifikazioa (Alimentacción) Elikadura-sistemak: gure osasunean eta planetan dituzten ondorioak. Elikadura burujabetzan oinarritutako proiektu bidezko lana. 3. DBHrako curriculum-exenplifikazioa.
- Hiri- eta landa-eremuetako elikadura osasungarri eta jasangarriari buruzko esperientzien gida. Landa-eremuko nekazaritza-ekoizpeneko esperientzien zerrenda, ikastetxeen bisitak orientatzeko gomendio pedagogikoekin.
- Eskola jantokiko esperientzien zerrenda. Hainbat eskualde eta herrialdetako jantoki-sistemetan gauzatzen ari diren ideiak eta jardunbide egokiak biltzen ditu. Laster eskuragarri.
- Berton Bertokoa plataformak egindako baliabideen gida. Ikus-entzunezko eta irakurketa baliabideen eta material didaktikoen zerrenda, ikastetxeetan erabiltzekoa.